Landa Ingurunearen Ikerkuntza eta Berrikuntzarako Guneaz mintegia egin dute Lekarozko campusean

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 8a, 16:00

Baztango Udalak antolatua, Euroeskualdeko hainbat eragilek parte hartu dute, haien artean NUPeko, EHUko eta Pau-Adour unibertsitateko ikerlariek

Azaroaren 6an egin zuten mintegia Lekarozko Campuseko harreman-arteko eraikinean. Udalak antolatua, 40 lagunek parte hartu zuten Campuseko elizan egoitza izanen lukeen Landa Ingurunearen Ikerkuntza eta Berrikuntzarako Guneari buruz gogoeta egiteko.

Joseba Otondo alkateak aurkeztu zuen saioa eta gobernuko Enpresa Politika, Nazioarteratze eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi, bertan izan zen. Nasuvinsak lagundu zuen jardunaldian.

Egitasmoaren ildo nagusiei buruzko aurkezpenarekin hasi zuten saioa. Gero, ikuspegi, iritzi eta ekarpenak aztertu eta biltzeko unea izan zuten. Elizaren kanpoaldea ikusi ondotik, proiektuaren garapenari buruz aritu ziren, zehazteko prozesuaz eta gunearen eratzeaz. Egitasmoarekin aitzinerat egiteko laneko mahaiak antolatu zituzten; erakundeena, akademikoa eta lurralde-harremanena. Talde tematikoekin eta Baztango produktuen dastaketarekin akitu zuten saioa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun