75.000 euroko dirulaguntza jasoko du Baztango Udalak Hondakinen Funtsaren bitartez

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 5a, 15:30

Aurtengo hondakinen kudeaketa hobetzeko egindako ekintzak finantzatzeko erabiliko da dirulaguntza

Nafarroako hainbat Mankomunitatek eta Baztango Udalak zabortegira bideratzen dituzten hondakin tona bakoitzeko ordaintzen duten kanonarekin hornitzen da Hondakinen Funtsa diru poltsa. Poltsa honetan bildutako dirua erakundeei bueltatzen zaie, hondakinen kudeaketa sistemaren ondorioz lortutako murrizpen edo birziklapen datuak kontuan hartuz.

Ingurumen Departamentuko Hondakin Sailak 74.617, 78 euro bueltatu dizkio Baztango Udalari 2021. urtean finantzagarriak diren ekintzetarako. Dirulaguntza hiru ekimenetarako erabiliko da:

  • Hondakinen prebentzioa: Tokiko ostalaritzako elikagaien xahuketa murrizteko, herritarrak jatetxeetan eskatutako janari soberakinak eramatera animatzeko, gizarte zerbitzuen elikagai banaketen produktu freskoak eta establezimenduetako soberakinak banatzeko lokal bat egokitzea, herritarrendako sukaldaritza tailerrak, poltsa berrerabilgarrien banaketa…
  • Gai organikoaren birziklapena: Akonpainamendu zerbitzua, birziklapenari buruzko eskuorrien banaketa, Organi-kopa leihaketa, kontenedore marroien erosketa, gai organikoak biltzeko kamioien erosketa…
  • Gainerako frakzioen bilketa eta balorizazioa: Hondakinen egutegia, bilketa kamioietan GPS sistemaren ezarpena, ontziak biltzeko kontenedoreen erosketa…

Ekimen hauekin hondakinen kudeaketa hobetu, ondoko urteetako hondakin kopurua guttitu, ordaindu beharreko kanona murriztu eta dirulaguntzak handitzea da Baztango Udalaren Hondakin Zerbitzuaren helburua. Hau lortzeko, «herritar guztien parte-hartzea ezinbertzekoa da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun