Suberri Matelo eta Maite Errarte

«Jendearen memoria ailegatzen den lekuraino ailegatzen gara gu»

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 6a, 07:00

Suberri Matelo eta Maite Errarte ikerlariak Fermin Leizaola etnografoarekin.

Baztango landa-paisaiaren eboluzioa aztertzen ari dira Aranzadi Zientzia Elkarteko Suberri Matelo Mitxelena oiartzuarra eta Maite Errarte Zurutuza beasaindarra. Baserrietako bizimodua eta ohitura zaharrak ezagutzeko, bailarako jende adinduari elkarrizketak egiten ari dira eta nahi duten guziei parte hartzera animatu diete.

Aranzadiko etnografia sailean egiten dute lan Matelok eta Errartek. «Aranzadik, Amaiurko herriak hala eskatuta, 2006an bertako gazteluko indusketa lanak hasi zituen, eta gu boluntario gisa hasi ginen bertan lanean duela zortzi urte». Horrela ezagutu zuten Baztan, «eta ikaragarri gustatzen zaigu ingurua».

Zergatik sartu zineten elkarteko Etnografia Sailean?

Historiako Gradua ikasi genuen, eta Aranzadin arkeologia lanetan hasi ginen. Hala ere, berehala konturatu ginen guri benetan etnografia gustatzen zitzaigula. Etnografia, modu arras zabal batean azalduta, gizartearen jokaera kulturalak deskribatu eta dokumentatzen dituen arloa da. Guk, errate baterako, gure arbasoen bizimodu tradizionala ikertu eta zabaltzen dugu: baserrietako bizimodua, antzinako kultura, galdu diren usadioak, paisaia nola aldatu den… Hori dela eta, Aranzadiko Etnografia Sailean sartu ginen, arkeologian hasi baginen ere.

Noiz hasi zineten Baztango paisaiaren eboluzioa ikertzen?

Duela urte pare bat Aranzadiko bertze bi ikerlarik, Mattin Aiestaranek eta Josu Narbartek, Baztango paisaiaren ikerketa arkeologiko bat hasi zuten. Gu ikerketa horretara gehitu gara, gure ikuspuntua emateko asmoz. Baztan beti izan da arras gune interesgarria etnografiaren alorretik: baserriko mundua, paisaia, usadioak…Oso bizirik mantendu dira eremu aunitzetan, eta oraindik jende aunitz bizi da nekazaritza eta abeltzaintzatik. Horregatik, beti iruditu zaigu interesgarria bailara eta beti nahi izan dugu halako proiekturen bat hemen egin.

Zein da zuen helburua?

Landa-paisaiari buruzko galdeketak egiten ari gara. Adineko jendea elkarrizketatzen dugu, gure asmoa paisaiaren gaineko erabilerak biltzea delako. Adibidez, menditik zer probesten zen, etxe inguruan zer landatzen zen, edo paisaia nola aldatu den galdetzen dugu, hori interesatzen zaigulako. Galdeketa hauekin azken 100 urteak dokumentatzen ditugu, jendearen memoria ailegatzen den lekuraino ailegatzen gara gu. Hala ere, ikerketa orokorra zabalagoa da, arkeologiaren bidez, adibidez, ehunka urte gibelera egin daiteke.

Carlos Amat argazkilariak 1910eko hamarkadan Baztango baserri batean egindako argazkia. Nafarroako Artxibo Orokorra

Zergatik adineko jendeari?

Guretako informazio iturri dira. Bailara hauetako gure adindunak, batik bat, baserritik bizi izan dira, eta bizimodu hartatik ezagutzen dutena galdetzen diegu. Norbaitek azienda bazuen etxean, hortaz solastatuko digu, bertze batekin gisu-labeei buruz, bertze batzuekin sendabelarren inguruan…paisaiaren erabilerarekin erlazionaturiko informazio oro interesatzen zaigu. Horrekin batera, argazki zaharrak eta mapa zaharrak ere erabiltzen ditugu, ingurua nola aldatu den jakiteko.

Zenbat pertsona elkarrizketatu dituzue?

Oraingoz bortz elkarrizketa egin ditugu, udan hasi baikara. Anizko, Amaiurko eta Lekarozko jendea elkarrizketatu dugu; Amaiurren galdetu genuen lehenik, eta bertze herritara mugitu ginen. Ideia da Baztango herri gehienetako jendea elkarrizketatzea, zenbat eta jende gehiagorekin orduan eta ikuspuntu zabalagoa delako.

Beti dira ongi etorriak elkarrizketatuak izan nahi duten adineko pertsonak. Norbaitek parte hartu nahiko balu edo parte har dezekeen norbait ezagutzen badu, gurekin harremanetan jar daiteke etnografia@aranzadi.eus korreo elektronikora idatziz edo Aranzadiko telefonoan (943 46 61 42) gugatik galdetuta. Informazio oro interesgarria da guretako eta gustura adituko dugu.

Kontatzeko gogotsu daude?

Egia erran arras elkarrizketa interesgarriak eta mamitsuak egin ditugu. Orokorrean erraza da adineko jendeak baserriko munduari buruz solastatzea, hori bizi izan baitute, eta kontatzeko dutena beti da aberasgarria eta garrantzitsua. Gure kasuan, landa paisaiari buruz galdetzen dugunez, denek dute zerbait errateko eta guk zerbait berria ikasteko. Bereziki bitxia egiten zaigu gazte garaiko eguneroko bizitzari buruz edo aziendari, baserriari edo mendiari buruz galdetzerakoan aunitzetan guttietsi egiten dutela informazio hori eta ez digutela kontatzen, «hori aspergarria da zuendako», eta guk behin eta berriz galdetu behar. Batendako normala eta ohikoa dena bertzearendako bitxikeria izaten da. Zailena jendearengana ailegatzea da aunitzetan, guk ez dakigulako nola jarri harremanetan bertako adinduekin.

Baztango landa-paisaia dute aztergai nagusia.

Nola egiten dituzue elkarrizketak?

Haien etxean edo herrian gelditzen gara elkarrizketa egiteko. Argazki batzuk atera eta elkarrizketan errandakoa grabatu egiten dugu mugikorrarekin, guk informazio hori ez atzentzeko. Jendea eroso sentitzen da, egiten ditugun galderak ez direlako batere arraroak, ez da azterketa bat! Pasta batzuk eraman eta kafe bat hartuz tertulian ibiltzen gara, goiz edo arratsalde pasa atseginak izaten dira, orain arte arras jende irekia tokatu zaigu eta poza ematen du halako jendearekin egoteak.

Nola aldatu da landa-paisaia?

Ez gara, oraingoz, ondoriorik ateratzen hasi, baina erran dezakegu bertze leku aunitzetan gertatu dena hemen ere antzeman dugula: Baztanek bere landa munduarekiko lotura handia izan du, landa eguneroko bizimoduaren parte zen, baina guttinaka galtzen joan da lotura hori. Gero eta jende guttiago bizi da aziendatik, menditik, baratzetik…baserritik orokorrean, eta gure asmoa da galdu diren usadio eta bizimodu horiek gogora ekartzea.

Zer eginen duzue lortutako informazioarekin?

Printzipioz txosten batean bilduko dugu dena eta udalari aurkeztuko diogu. Ondotik, material horrekin guziarekin milaka aukera daude, baina garrantzitsuena dena ongi biltzea da, ondotik zabaldu eta jakitera emateko. Beraz, adinduak elkarrizketak egitera animatu nahi ditugu, seguru aunitzek badutela zer erran eta zer konta! Eta elkarrizketatu ditugun guziei; esker mile aunitz!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun