Lurrarekin harremana duten emakumeekin* bilduko da Baztango Berdintasun Zerbitzua asteazkenean

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 5a, 17:00

Hainbat alorretako emakumerekin egin zuten bigarren bilera urrian

Nekazarien, abeltzainen, baserritarren eta lurra lantzea gustuko duten emakume guztien txanda izanen da

Baztango Berdintasun Planak aitzinera segitzen du eta bertako emakumeekin biltzeko prozesuaren hirugarren eta azken bilera azaroaren 10ean eginen dute. Emakume* migratuekin eta hainbat alorretako emakumeekin* bildu ondotik, lurrarekin harremana duten emakumeen* txanda izanen da; nekazariak, abeltzainak, lurra lantzea gustuko dutenak, baserritarrak…

Garrantzi berezia emanen diote azken bilera honi, eskualdeko herri guztietako emakumeak gertura daitezen, «Baztango errealitatearen argazki zintzo eta erreala izan dezagun». Horrela, bailarako alor eta eremu guztietako emakumeekin biltzeko prozesua akituko dute eta bildutako informazioa baloratzeko unea izanen dute. Kontraste saioa eginen du Berdintasun Batzordeak mugimendu feministarekin eta bertze hainbat eragile esanguratsurekin behin betiko txostena idatzi ahal izateko.

Prozesu honekin Baztango emakumeek* bizi duten errealitatea ezagutu nahi du udalak, berdintasunaren alorrean etorkizunerako erronkak definitu ahal izateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun