Zaintza Lanak Baztan izanen da Elizondoko zahar etxea kudeatuko duen enpresa publikoaren izena

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 29a, 18:00

Zahar etxea kudeatuko duen enpresa publikoaren memoria teknikoari eta estatutuei behin betiko onespena eman zien atzo Baztango Udalbatzak.

Urriaren 28an egin zen ohiko bilkuran Baztango Udalbatzak udalaren jabetzakoa den Francisco Joaquin Iriarte zahar etxea kudeatuko duen enpresa publikoaren memoria teknikoari eta estatutuei behin betiko onespena eman zien. Halaber, enpresa berriaren izena onartu zuen, Zaintza Lanak Baztan. Erabakiak EH Bilduren eta Ezkerraren aldeko 7 bozka izan zituen, Navarra Sumaren kontrako 3 eta Geroa Bairen 2 abstentzio.

Bilkura berean administrazio kontseiluko kideak izendatu ziren: Joseba Otondo eta Idoia Sobrino (EH Bildu), Florentino Goñi (Ezkerra), Ruben Ziganda (Geroa Bai) eta Tasio Nagore (Navarra Suma).

Memoria eta estatutuak onartuta eta administrazio kontseilua izendatuta enpresa berria notariotzan eskrituratu beharko da eta, ondotik, merkataritzako erregistroan altan eman.

Buruileko osoko bilkuran, bertzalde, enpresa berria kapital sozialaz hornitzeko 3.300 euroko aurrekontu moldaketa egin zen, gaurgero indarrean dena eta enpresa eratu bezain fite emanen dena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun