Baztango hainbat talde, elkarte eta herritar elkartu ziren atzo Elizondon besta giroan, berrogeialdiaren ondotik, «biolentzia forma guztiak areagotzen ari direla» salatzeko. Jarrera hauek onartu eta erreproduzitzen dituztenak «taldearen babesean mugitzen diren gizon, cis, hetero eta xuriak» direla adierazi dute.
Hondar asteburuetan Elizondoko ostatuetan ikusi dituzten jarreren artean, «neskak jazartzea, presioa sortzea, ahozko eta ez ahozko biolentzia erabiltzea, biolentzia fisikoa areagotzea, jenderi liskar egitea, aulkiak eta mahaiak xehatzea, garagardoak ebastea, espazioa bereganatzea, jendeaz irri egitea, jendearen iritzia gutiestea eta euskararen arnasgunea izan den espazio bat espainolez itotzea» azpimarratu dituzte. Gainera, honi «emakume* gazteen ahalduntzearen alde izan zen asteburuko manifan kristalezko edalontzi bat botatzea» gehitu diote.
Hau guztia salatzeko, hainbat eragilek haien atxikimendua eman diote oharrari, haien artean Baztango Sortu, Baztango EH Bildu, Jo ala jo Kultur Taldea, Zapatillera musika elkartea, BRT Menditarrak, Amezti, Baztandarren Biltzarra, Arizkun Rock, Plazara Dantzara, Gazte Asanblada, Baztango Ernai, BKT, Talde Ekosoziala, Baztango Talde Feminista, Burrunba Morea, Iñarrosi, (H)ilbeltza eta hainbat herritar.
Eragileek argi utzi nahi izan dute «faxismoan, matxismoan eta indarkerian oinarritutako besta eredua ez dela besta».