Nafarroako konkistari buruzko 'Histoire de Navarre' liburuaren lehen edizioa eskuratu du Amaiurrek

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 28a, 08:30
Unai Hualde, Nafarroako Parlamentuko presidentea eta Isabel Aleman Amaiurko alkatea liburuaren aurkezpenean, Amaiurko Arkeologia Zentroan.

1612an idatzi zuen André Fauvyn-ek garai hartako Nafarroako Parlamentuaren enkarguz, eta orain liburu historiko horren lehen edizioaren ale bat Gaztelu Elkarteak erosi du Konkistaren 500. urteurrena dela eta.

Amaiurko Arkeologia Zentroan Histoire de Navarre liburuaren lehen edizioaren aurkezpena egin zuten urriaren 27an. Liburua 1612an idatzi zuen frantsesez André Fauvyn-ek, garai hartan Pariseko Parlamentuko abokatu zenak, orduko Nafarroako Parlamentuaren enkarguz. Orain Amaiurko Gaztelu Elkarteak erosi duen historiaren harribitxi honen aurkezpenean Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak, Isabel Aleman Amaiurko alkateak eta Juantxo Agirre Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusiak hartu zuten parte.

Argitalpen honek garrantzi handia du Nafarroako Erresuma, Erresuma independente gisa mantentzen zen denboran idatzi zelako. Hau da, 1620a baino lehen, zehazki Luis XIII.ak Frantziako Gortera itzuli behar izan zuenean, kantzilergoa eta justizia auzitegia errege-ediktua aldarrikatuz.

Lan hau euskal-nafar historiografiaren mugarritzat jotzen da. Bertan, bere erregeen jatorria, bizitzak eta konkistak jasotzen dira, eta haien erregealdietan izandako gertakari garrantzitsuenak deskribatzen dira. Portada ikusgarria L. Gaultierrek egindako kalkografia bat da, non Nafarroako eta Iruñea eta Jakako herrien aurkako alegoria jasotzen den.

Unai Hualde, Nafarroako Parlamentuko presidentearen hitzetan «Nafarroako Parlamentuak dagoeneko onartu du Amaiurko herriak egindako lana osatzen duen proiektua babesteko aurrekontu-zuzenketa bat, Amaiurko herriak Gaztelua eta duela 501 urte gertatutakoaren memoria historikoa berreskuratzeko urteetan egin duen lana osatzen duena». Era berean, PNVren zuzenketa baten bidez, joan den ekitaldian lortu zuen Espainiako Aurrekontu Orokorretatik Amaiurren etxe bat erostea, Amaiurko Gaztelua eraisteko eta setioa berreskuratzeko eta zabaltzeko lana bultzatzen jarraitzeko asmoz.

Juantxo Agirre Mauleon, Aranzadiko idazkari nagusiaren erranetan, «Aranzadik urte askoan aritu da lanean Amaiurren memoria berreskuratzen metodo arkeologikoaren eta gazteluaren berreskurapenaren bidez, baita herriko Arkeologia Zentro berriaren museografian ere. Pieza hau gure iraganaren oroimenean txertatzen den beste bitxi bat da».

Isabel Aleman: «Liburu hau Amaiurren geldituko da, gure historiaren zati gisa»

Lehen edizio honen bi ale gehiago daude Nafarroan. Horietako bat Nafarroako Unibertsitatean dago, eta bertzea, Arturo Campionen funtsaren parte da eta Iruñeko Udal Liburutegian dago. Isabel Aleman, Amaiurko alkateak adierazi zuenez, «hau hemen geldituko da Amaiurren, gure historiaren zati gisa; izan ere, liburuaren barruan Amaiur hartzeari buruzko hainbat pasarte deskribatzen dira». Datozen asteetan liburua ikusteko modua izanen da Amaiurko Arkeologia Zentroan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun