Elizondoko ferietan aurten ez da kanpoko komertziorik eta saltzailerik izanen

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 27a, 13:00
Aziendek protagonismo berezia izanen dute ortziraleko ferietan.

Aziendak eta makinak egonen dira ikusgai, baita bertako artisauen eta komertzioen postuak ere. 

Urtebetez feriarik gabe egon ondotik,  aurten ezohiko feriak ospatuko dituzte ortziralean Elizondon. Ez da kanpoko komertziorik eta artisaurik izanen, baina, bertako abeltzainen azienda eta makineria ikusgai egonen da egun osoan merkatuko plazan. Baztango hainbat artisauk eta komertziok ere haien produktuak karriketara aterako dituzte.

Pilota partidak

Eguna girotzeko, Elizondoko Herriak Aspeko pilotari profesionalen bi partida antolatu ditu. 18:00etan hasita, Julen Egiguren V.a eta Xabi Erostarbe Iker Salaberria goizuetarraren eta Oier Etxebarriaren kontra arituko dira. Bigarrenean, Iker Irribarria eta Beñat Rezusta Danel Elezkano eta Jose Jabier Zabaletaren aurka ariko dira. Baztan pilotalekuan izanen dira bi partidak eta sarrerak salgai daude dagoeneko Futbolin ostatuan eta Internet bidez. Ortziralean ere 17:00etatik aitzinera lehiatilan erosi ahal izanen dira. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun