Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, «taldeak Frantziako Estatura joan nahi zuten migratzaileak atzematen zituen, Afrika iparraldetik eta mendebaldetik itsasontzietan penintsulara ailegatutako migratzaileak, hain zuzen».
Taldea «hainbat lantaldetan antolatua» zegoela jakinarazi du Efe berri agentziak, eta «horietako bat bereziki Nafarroan eta Gipuzkoan migratzaileekin harremanetan jartzeaz arduratzen zen. Baina estatu espainiarreko bertze herrialdetan ere egiten zuten». Frantziako estatura pasatzeko prezioa adostutakoan, «garraiorako eta zaintzako lantaldea lekualdaketaz arduratzen zen». Bereziki «Baionara eta Bordelera» eramaten zituztela gaineratu du berri agentziak. «Lanzadera ibilgailuak erabiltzen zituzten zaintza lanetarako, polizia kontrolik ote zegoen ohartarazteko, eta kontrol gutxiago dagoen puntuetatik ibiltzen ziren. Segurtasun neurri gisa, migratzaileei poliziaren presentzia sumatuz gero, autotik jaitsi eta auto-stop egiten ari ziren itxura egin beharko zutela jakinarazten zieten».
Poliziaren arabera, azken bi hilabeteotan 60 lekualdatze egin dituzte, eta horietako bakoitzean hiruzpalau lagun eraman dituzte.
Poltsa operazioa deitu diote eta honi lotuta, poliziak «Urrasun eta Iruritako hainbat etxe miatu» dituztela adierazi du.