Baztango artisauekin batera izan ziren larunbatean Talde Ekosozialeko kideak Elizondon. Klima aldaketari buruzko informazioa emateko helburuarekin, 'infogunea' paratu zuten plazan, gaiari buruz etxean zituzten liburu eta irakurgaiak herritarrei maileguan eskainiz.
Horrekin batera, Lekarozko Institutuko ikasleekin antolatu zuten marrazki lehiaketako emaitzak zintzilikatu zituzten. Batxilergoko lehen mailako diseinu digitaleko 31 ikaslek parte hartu zuten lehiaketan eta irabazleak Irrisarrilanderako bi sarrera eskuratu zituen.
Baztango Talde Ekosozialak adierazi duenez, «klimaren aldaketa etengabeko hazkundean oinarritzen den sistema kapitalistaren emaitza da, lurrean eskuragarri den materia eta energia gelditu gabe kontsumitzen duena, inperialismoaren bidez munduko lurraldeak eta jendeak azpiratuz, gutti batzuk aberasteko. Eta lurra esplotatzen eta gutti batzuk aberasten dituen sistema iraunarazteko, zentro-inperialistako herritarrei kontsumorako aukera hazkorra eskaini izan die, berriki artio. Horregatik klimaren aldaketa gelditzeko sistema aldatzea beharrezkoa da».