Amaia Elizagoien Varela

«Ipuinen eta entzuleen arteko zubi lana egiten dugu»

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 24a, 12:00

«Bizitza ilusioz bizi duen pertsona» da Amaia Elizagoien Varela (Oronoz-Mugairi, 1994), eta ilusioz bizi ditu bere zaletasunak; «mendian ibiltzea, antzerkia egitea, irakurtzea, jolastea, bidaiatzea...» eta kontaketa. 2015ean hasi zuen bere ipuin kontalari ibilbidea eta geroztik «aunitz aldatu da nire, orain gure, proiektua».

Haurren mundura sartzen

Haur Hezkuntza ikasi du Elizagoienek, goi-maila eta baita gradua ere. «Etapa bakoitzean haurrek eskaintzen dutena desberdina da, baina ederra da ematen duten bizi pozarekin lan egitea». Orain, haurrak entretenitzea du lan; «mundua ulertzeko daukaten era ederra da, eta akaso haien mundara hurbiltzen saiatzen naizelako moldatzen naiz horren ongi haiekin».

Ipuin kontalaritzari lotutako ikasgai bat izan zuen goi-maila egiten ari zela, eta irakasleak aipatu zion kontalari izateko ideia. «Maite Frankoren eskutik formakuntza lantegi bat egin nuen eta berak eman zidan mundu profesionalera salto egiteko bulkadatxoa». Argi zuen ez zela erraza izanen, «baina ilusio eta desira handia nuen, eta ordutik lanean ibili naiz».

Ameliren jaiotza

Eskoriatzako bertso eskolan irakasle izan zen Elizagoien; «lehenengo egunean nire izena Amaia dela azaldu nien, baina lagunek Eli deitzen zidatela». Bertako batek, orduan, «berarentzat Ameli izanen nintzela erran zidan. Barrenean zerbait piztu zitzaidan hori aditzean, naizena eta naizen horretara ailegatzeko jaso dudana barnebiltzen du izenak; 'Ameli' imaginario kolektiboan dago, mundu fantastiko batera eramaten gaitu».

Bakarrik ekin zion Amelik kontalaritzari, eta «gozatu bezainbertze sufritzen nuen». Esperientzia izan du irakasle, «zer eta nola hobetu erakutsi zidan», eta Olaia Intziarte eta bere musika izan zituen lehenbiziko bidelagunak. «Bi hasiberri ginen, baina ilusioa genuen eta elkarlanean konplizitate handia». Intziarte batxilergoan zegoen orduan, «eta proiektuari denbora gehiago eskaintzen ahalko zion norbait topatzea onena izanen zela erabaki genuen».

Duela lau urte Irati Celestinorekin hasi zen lanean, eta hainbat plaza bete dituzte geroztik Amelik eta Xirrikituen Jostunek. «Ipuinen mundua ulertzeko filosofia antzekoa daukagu eta ederra da berarekin lan egitea».

Esperientzia kolektiboa

«Transmisioarekin segitzea» da haien helburua, «ahozkotasuna eta narrazioa gure herriaren ondarea dira, altxor bat». Argi dute «haurrak heztea ez dela gure ofizioa, baina ipuinek balio bat dute, esperientzian isla direlako, eta hori beti da aberasgarri bezain hezigarria».

Entzuleetara moldatzen ikasi du Elizagoienek, «esperientzia kolektiboa da kontaketa, eta hartu-eman hori ez da bat-batean gertatzen. Plazan ikasten da gehien, oraindik aunitz dugu ikasteko eta beharbada horrek ere egiten du ofizio hau hain ederra».

«Euskarari arnasguneak eskaintzea da gure helburuetako bat»

Amaia ELIZAGOIEN, ipuin kontalaria

Haien lana baloratua izan dela azpimarratu nahi izan du, «guk ipuinen eta publikoaren arteko zubi lana egiten dugu, gure proiektuan aunitz sinisten dugu eta hori publikoak ikusten du». Hizkuntzak ere garrantzia handia du kontaketetan, «argi nuen euskaraz lan egin nahi nuela, euskaraz bizi baikara. Baina euskarak arras errealitate anitzak ditu, eta leku guzietan ez zaio merezi duen balioa ematen. Gure helburuetako bat euskarari arnasguneak eskaintzea da».

Helduendako kontalaritzan ere aritu dira. «Txikiekin hizkuntza sinple eta gardena erabili behar dugu; mitoak sortu. Adin batetik goiti, ipuin oro kontagarria da, zubia da egokitu behar dena, kontatzeko era. Zoritxarrez, heldu aunitzek hori ahaztu dute, eta ipuinak ttikien kontuak direla uste dute. Hori aldatzea da gure erronka».

Komunikazioaren garrantzia

Bertsolaritzan eta Xaloa telebistan ere ikusi izan dugu Amaia Elizagoien. «Gaur egun ez naiz bertsotan plazaz plaza aritzen, baina nire kontaketetan bertsoak kantatzen ditut, eta beti egonen dira modu batean edo bertzean nigandik hurbil». Xaloa, berriz, «opari bat» izan da berarentzat, «galdetzeko eta jakiteko beti eduki dudan desira asetzeko espazioa». Komunikazioa «ezinbertzekoa» dela uste du, «baina kontatzen baino, entzuten berrikasi behar dugu».

Etorkizunera begira, amets aunitz ditu; «gure aurrekoek lan handia egin zuten mitoak sortzen eta bertzeek sortutakoak jasotzen, eta transmisio lan horretan segitu nahiko nuke, kontatzen eta ikasten.

Haurrei eta batez ere helduei kontaketetara etortzeko gonbidapena luzatu nahi die Elizagoienek, «kontalari bikainak daude Euskal Herrian eta entzuleak behar ditugu, beraz, eman diezaiogun aukera bat kontaketari».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun