'Mendiko Gaitza' liburuaz arituko dira Idoia Garzes autorearekin (H)ilbeltzako hurrengo saioan

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 19a, 17:00
Argazkia: Andoni Canellada / FOKU

Nobela beltzaren zaleek hurrengo hitzordua Anizen izanen dute urriaren 22an (H)ilbeltzak antolatua. Idazleekin Solasean bilera Idoia Garzesekin izanen da 2020an idatzi zuen Mendiko gaitza eleberriaren inguruan. Anizko elkartean dute hitzordua, 19:00etan.

Sinopsia

Gailur bateko buzoian aurkitutako txartela hartzen duenean, dena aldrebesten zaio Arlet Anaut protagonistari: duela urtebete desagertutako mendizalearen heriotzarekin lotuko dute, eta triangelu bitxi batean endredatuta ikusiko du bere burua: alde batean bera, bestean Errementeria ertzain baboa, eta erdian, hari guztiak mugituz, mendizale desagertuaren emazte Maitena, alargun beltz erabatekoa, erakargarri bezain arriskugarria.

Helduentzako bere lehen eleberri honetan izugarrizko trebezia erakusten du Idoia Garzesek, bai kontakizunaren nondik norakoen eraikuntzan misterioari eta jakin-minari eusteko, bai idazkera dotore, sinesgarri eta pertsonal bat sortzeko orduan, non narratzailearen gogoeta zartadazkoak eta pertsonaien elkarrizketa txinpartatsuak nabarmentzen diren, zein baino zein zorrotzago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun