Bertze behin ere, Baztango Batzar Nagusiak hiru hilabete gibelatu du –bi urte daramatzagu bueltaka– Baztan Parkea zabaltzeari babesa emateko edo ez emateko erabakia, aitzineko aitzakia berarekin, hau da, «informazio faltagatik», oraingoan errepideari buruz, –argi utzi denean errepidea konpontzea ezinbertzeko baldintza dela proiektua gauzatzeko–, proposamen bat bozkatuz –inork sinatzen ez duena–, Whatsappeko talde batek bultzatua, Baztango Batzar Nagusi osoa baldintzatuz eta Beartzungo bizilagunen izena erabiliz, tamalgarria eta arras larria.
Duela urtebete jarraipen batzorde bat sortu zen eta duela lau hilabete azken proiektua entregatu zen. Epe horretan guztian, nahiko denbora izan dute proiektuari buruzko zalantzak guri galdetzeko, eta ez dute egin, ez baitigute behin ere deitu. Eta orain hiru hilabetez gelditu dute proiektuaren onarpena, informazio faltagatik. Nahikoa da afera hau nahasteko gogo horrekin. Ikusiko dugu Batzar Orokorrak hiru hilabete hauetan urtebetean egin ez duen zer egiten duen. Gu enpresa profesional serioa gara (erreferentziazkoak Nafarroan), duela 28 urte sortua, eta egiten ari digutena arras bidegabea da, enpresarekiko eta bertako langileekiko errespetu falta da, eta ez dugu ulertzen zenbait pertsona zergatik ari diren horrela jokatzen.
BKZk proiektua bertan behera utziko du (momentuz) Baztango Batzar Nagusiak baiezkoaren alde egin arte.
Diru dezente gastatu dugu proiektua idazten, denbora eta energia aunitz erabili dugu ekimen honen garrantzia (proiektu hau guztiz iraunkorra da, bai sozialki, bai ingurumenaren aldetik, bai ekonomiaren aldetik) Baztango herritar guztiei helarazteko, Nafarroako Gobernuari, parlamentuko taldeei, Turismo, Berrikuntza eta Errepide Departamentuari, Next Generazioko Europako laguntzei…
Batzar Nagusiko batzarrean, eskaera ofizial bakarra zegoen, BKZ-Navarra Abenturak proposatutakoa, hain zuzen ere, hau da, bai edo ez bozkatzeko proposamena: «Baztan Park handitzeko herri lurrak erabiltzeko baimena, errepidearen konponketarekin baldintzatua (notarioaren aitzinean)», hori zen Baztango herri aunitzek beren batzarretan onartu zuten proposamen bakarra (horietako batzuk % 100eko babesarekin). Izugarria, baina proposamen ofizial hori ezin izan zen bozkatu, alkateak ez baitzuen proposatu. Baina Whatsapp talde baten bidez sortutako eta Elizondoko alkateak bere gain hartutako proposamena bozkatzen utzi zuten (Elizondoko Batzarrean egindako proposamena, inork sinatzen ez zuena eta gai-zerrendan ez zegoena). Dena egoera kafkianoa izan zen.
Batzar Nagusian gertatu zen guztia «ongi planifikatutako pantomima» izan zen; gu ez gara sartuko, inondik ere ez, batzuk daramaten joko zikin horretan; une hori tristura eta sumindura handiz bizi izan genuen.
Horregatik, proiektu hau bertan behera utziko dugula diogu (momentuz), eta egunen batean Batzar Nagusia ekimen honek duen garrantziaz jabetu arte esperatuko dugu; izan ere, horrekin 30 lanpostu sortuko lirateke, argudio arras serioak izanen genituzke Nafarroako Gobernuak errepidea konpon dezan, parke ikaragarria sortuko genuke bailarako haur, eskola eta ikastolendako, lehen mailako baliabide turistiko bat sortuko litzateke, ikaragarrizko espazioa izanen litzateke desgaitasunen bat duten pertsonendako, langileek segurtasun hobea izanen lukete, baita lan baldintzak ere, gremio aunitzek lanerako arras aukera onak izanen lituzkete –lau milioiko aurrekontua–, edozein baztandarrek inbertitzaile izateko aukera izanen luke, udalari baliabide arras indartsuak emanen lizkioke bere gastu sozialetarako, inbertsioetarako... (ikusi 14 arrazoiak www.navarraaventura.com webgunean). Eta hori guztia herri lurretan (balio handiagoa Baztango guztiendako).
Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiegu gurekin borrokan aritu diren pertsona horiei guztiei, uneoro babesa eman diguten Beartzun-Berroko eta Antzarbordako pertsona guztiei, beren herrietako batzarretan proiektua bultzatzeko erabateko adostasuna agertu duten Baztango herri horietako herritar guztiei, beren babesa helarazi diguten udaleko alderdi politiko guztietako boto-emaileei, parlamentuko talde politikoei, Turismo, Berrikuntza, Gazteria eta Kirol Departamentuei eta Nafarroako Gobernuari, proiektu jasangarri horri buruz duten ikuspuntu positiboa helarazteagatik. Proiektu honek garapena, kohesioa eta berrikuntza ekarriko baititu Baztanera. Esker mila guztiei.
Atseden hartzeko unea da, baina zuzenean galdetzen diogu Batzar Nagusiari: babesten al duzue ala ez proiektu hau? Bai ala ez? Erantzuna erraza da eta ez dugu bertze aukerarik aurreikusten (isiltasuna ezezko borobila da). Gu beti solastatzeko prest egonen gara.