Aimar Obregozo Martirena

«Modu kontrolatuan eginez gero, parkourra ez da arriskutsua»

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 17a, 12:00
Bigarren postua lortu du txapelketan, lehenbizikoarekin berdinduta.

«Adrenalinarekin zerikusia duen guzia» gustuko duen mutikoa da Aimar Obregozo Martirena (Elizondo, 2006). Gimnasia eta parkour egiten ditu eta Espainiako Parkour Txapelketan parte hartu du berriki. Espero ez zuen emaitza lortu du.

Noiz hasi zinen gimnasia egiten?

Betitik gustatu izan zait gimnasia, baina ez nekien non egiten ahal nuen. Duela bi urte eta erdi aukera eman zidaten eta apuntatu nintzen.

Eta parkourrarekin?

Parkourrarekin duela bortz edo sei urte hasi nintzen. Lagun baten anaiak egiten zuen, gustatu zitzaigun eta gu ere hasi ginen.

Harremana duten bi kirol direla erranen zenuke?

Bietan txiribueltak egiten dira, baina ez dute bertze antzekotasunik. Gimnasia gimnasioan bakarrik egiten da, modu zehatz batean egin behar da, bertzenaz gaizki dagoelako, eta urte guzia txapelketa batean egin behar duzuna prestatzen egon behar duzu. Parkourrean, berriz, bakoitzak bere estiloa du, edozein lekutan egiten ahal da eta txapelketetan arras denbora guti izaten da prestatzeko. Iraileko txapelketan, adibidez, 20 minutu bakarrik izan genituen.

Irailaren 17tik 19ra Nafarroa Arenan Espainiako Parkour Txapelketan parte hartu zenuen. Zure lehenbiziko txapelketa izan da?

Bai, gimnasiako txapelketak lehenagotik egin nituen, baina lehen aldia zen parkour txapelketa batean. Ez nekien apuntatzen ahal nintzenik, baina entrenatzaileak baietz erran zidan eta pentsatu gabe eman nuen izena. Nire asmoak ongi pasatzea eta jendea ezagutzea ziren.

Hala ere, 17 urte azpikoen kategorian bigarren postua lortu duzu…

Hasieran ez nuen espero, baina sailkapen proban lehendabiziko postuan pasatu nintzela ikustean, posible zela pentsatzen hasi nintzen. Arras kontent nengoen lehenbizikoarekin berdinduta nintzela ikustean, baina pena pixka batekin bigarren postuan gelditu nintzelako.

Esperientzia polita izan da?

Arras polita, jende izugarria ezagutu nuen eta arras ongi pasatu nuen.

Zein dira zure asmoak etorkizunerako?

Entrenatzen segitzea, gustatzen zaidana egiten. Txapelketa gehiagotan parte hartzea ere gustatuko litzaidake.

Zerbait gehitu nahi duzu?

Jendeak uste du parkourra arriskutsua dela, baina pausoz pauso, progresioan eta modu kontrolatuan eginda ez da arriskutsua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun