Hiru urte pasatu dira pentsiodunak karrikara ateratzen hasi zirenetik, eta urteotan «deus gutti» lortu dela dio Julen Mitxeltorena Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduko kideak. Baina ez daude geldirik egoteko eta «mobilizatzea inoiz baino beharrezkoagoa» dela dio. Garbi utzi du «borroka hau ez dela pentsiodunena bakarrik, gizarte osoarena baizik».
Hiru urte joan dira pentsiodunak karrikara ateratzen hasi zirenetik...
Baztan-Bidasoaldeko jendeak, etxetik hurbil, hiriburuetan eta herri koskorretan egiten hasi ziren mobilizazioei babesa emateko izateko hasi ginen hemen biltzen. Tartean, pandemia dela eta, mugimendua pixka bat trakestu zen, baina ahal den neurrian eutsi diogu. Urteotan zerbait lortu dugu, baina deus gutti. Aldarrikapenak hor daude eta pentsiodunen mugimendua bizirik dago.
Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimendua ere indartsu dago?
Jendeari kostatzen zaio elkarretaratzeetan parte hartzea, baina hasieratik aurreikusi genuen. Badakigu luze joanen dela; aldarrikapenak sakonak dira eta lorpenak ez dira segidan etorriko. Luzerako diren kontuetan, jendea ez da uholdean etortzen. Herritar jakin batzuk eusten diogu mugimenduari, eta segitzeko gogoz gaude. Elkartzen garenean ikusten da batzuek ez dutela elkarretaratzeen berririk, baina begi onez ikusten dute.
Pentsioen igoera KPIaren araberakoa izatea lortu da. Lorpen handia da?
Lorpena, neurriz, ez da handia, baina jende aunitzi eragiten dio eta badu bere garrantzia. Bertzetik, gure aldarrikapen nabarmena 1.080 euroko guttieneko pentsioa izatea da. Nafarroako Gobernuaren agendan dago, bilerak egiten ari dira eta ez dakigu zer gertatuko den baina itxaropentsu gaude.
Baina ez da aski lortu dena...
Ez. Lorpen sakonak luzera eta kostata etorriko dira. Gauza aunitz aldatu behar dira, eta hori da mobilizazioen helburua.
«Aldarrikapenak sakonak dira eta lorpenak ez dira segidan etorriko»
Julen MITXELTORENA, Baztan-Bidasoko pentsiodunen mugimenduko kidea
Pentsio duina lortzetik urruti gaude?
Bai. Europako Kartak aholkatutako guttieneko pentsioa 1.080 eurokoa da eta hori da gure erreferentzia. Horrez gain, pentsioen afera Espainiako Gobernuaren eskuetan dago, baina Hego Euskal Herrian bertzelako baldintzak eta aukerak ditugula ikusita, pentsioen afera hemen kudeatzea eskatzen dugu, pentsioen sistema propioa izatea. Horregatik bereziki Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari euren eskuetan dagoen guztia egiteko eskatzen diegu.
1.080 euroko guttieneko pentsioa, sistema propioa, pentsioetan dagoen genero arrakala desagertzea... Aldarrikapenen artean zer gehiago nabarmenduko zenuke?
Zaintza eta osasun sistema duina izatea. Zahar etxeak, etxez etxeko zaintzak, eguneko zaintzak eta osasun sistema duinak eta publikoak izatea nahi dugu. Alor horretan gehiena pribatizatua dago, eta hori da joera. Guk, ordea, gestio publikoa, eta nola ez, zintzoa eta duina exijitzen dugu. Menpekotasun legea bere osotasunean garatzeko beharrezkoak diren diru baliabideak jartzea ere eskatzen dugu, baita nekazaritza erregimenean daudenen pentsioak kalkulatzerakoan sistema orokorrarekin parekatzea ere. Aunitz dira nekazaritza erregimenean daudenak, eta alarguntzean, adibidez, pentsio kaskarragoarekin gelditzen dira. Bidezkoena erregimen orokorraren formularekin parekatzea da.
Osasun eta zaintza sistema aipatu dituzu. Azken elkarretaratzean hori nabarmendu zenuten...
Badira lehenagotik prekarioak diren zerbitzuak eta, gainera, kudeaketa txarragatik baliabideak kentzen ari dira; duela gutti Urdazubin asteburuetako larrialdietako zerbitzua kendu zuten, nahiz eta gero berriz martxan paratu. Lehenagotik ziren erizainen eta medikuen lanpostu guztiak ez dituzte ordezkatu edo bete. Osasun eta zaintza sistema denontzako da, unibertsala da, baina adinean aitzinera doazenak gehiago behartzen dira. Horregatik eskatzen dugu bermatzea, baita lan kalitatea ere.
Pentsioen sistema orain dena baino eskasagoa izateko arriskua ikusten duzu?
Politika neoliberalek eta batez ere Europatik datozen aginduek ekonomia dute oinarri eta erreformen bidez estutu egiten gaituzte; pentsioen ordainketarako zailtasunak eta oraindik formula eskasagoak sortuz. Aseguru-etxe eta banketxeen bidez, sistema pribatua sustatzen ari dira eta hori egiten uzten badiegu, arriskuan gaude.
Europak urte hondarrerako eskatua du pentsioen erreforma...
Bai, eta ez dakigu zein eduki duten esku artean. Espainiako Gobernuari behin eta berriz, egiten ari direna argi errateko eskatzen diogu, ez ibiltzeko gordeka.
Zer espero duzue?
Edozein gauza. Horregatik inoiz baino beharrezkoagoa da karrikara ateratzea eta mobilizatzea.
Zer diozu administrazioaren jarreraz?
Orain arte bezala, ekonomian oinarritua da. Eusko Jaurlaritzak, adibidez, lan gatazkak daudenean, langileen eta lan baldintzen alde egin beharrean, enpresarien eta ekonomiaren alde egiten du. Eta agintean dauden alderdiak aldatzen ez badira, herritar guztien zaintza berma dezaten eskatzeko borrokan segitu beharko dugu. Gaur egun pentsioen munduan sartuak ez daudenen etorkizuna ere kinka larrian dago, eta borroka hau ez da pentsiodunena bakarrik, gizarte osoarena baizik. Azpimarratu nahi nuke gaur egungo aldarrikapenetik haratago, pentsiodunen mugimenduak etorkizunean herritar guztien zahartzaro duina bermatu nahi duela.
Zer diozu Nafarroako Gobernuaz?
Alde batetik, ez du horrelako eraginik, eta bertzetik, guttienez elkartzeko eta solastatzeko jarrera irekiagoa du. EH Bildurekin zenbait puntutan akordioak lortu ditu, eta burua betiko lepotik baldin badu ere, jarrera positiboagoa du.
«Jendea mugitzen bada emaitza onak lor daitezke»
Julen MITXELTORENA, Baztan-Bidasoko pentsiodunen mugimenduko kidea
Europako Batzordearekin ez zarete fidatzen...
Ez, Europako Batzordeak ekonomia lehenesten duelako. Ekonomia indartu nahi badute, handik edo hemendik, herritarron lan baldintzak kaskartzen dituzte. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko eta estatu mailako bertze pentsiodunen taldeetako ordezkariak berriki Bruselan izan dira Europako legebiltzarreko zenbait parlamentarirekin. Europako legebiltzarreko talde parlamentario guztiei egin zieten biltzeko gonbita eta horietako batzuekin bildu dira.
Zer ondorioztatu duzue?
Argi gelditu da banketxe eta bertze entitate finantzario handiek duten indarra zenbatekoa den. Sekulako presioa egiten dute, politikariak euren menpe egonen balira bezala. Baina aldi berean, estatu bakoitzean estatuko gobernuek dute zein neurri hartu eta zein ez erabakitzeko ahalmena. Oro har, egindako bidaiarekin kontent gelditu dira eta lanean segitzeko konpromisoa berretsi dute.
Baztan-Bidasoaldeko Pentsiodunen Mugimenduak ere hilabeteroko hitzorduekin segituko du?
Bai, irailaren 20an Elizondon bildu ginen, eta hemendik aitzinera hilabeteko hirugarren astelehenetan Elizondon, Beran, Donezteben eta Lesakan txandaka bilduko gara. Elizondon eta Lesakan plazan, Beran Iamoteneko atarian eta Donezteben eskola aitzineko biribilgunean, 12:00etan. Hurrengo hitzordua urriaren 18an Beran izanen dugu, azaroaren 15ean Donezteben, abenduaren 20an Lesakan, ilbeltzaren 17an Elizondon... Ikasturteko azken elkarretaratzea ekainaren 20an Beran eginen dugu. Udan atseden hartu ondotik irailean bueltatuko gara.
Nolako etorkizuna ikusten duzu?
Arriskutsua izan daiteke, baina denbora berean, oraingo eta geroko pentsioak jendarteak nahi duena izanen dira. Jendea kontzientziatzen bada eta zer pasatzen ari den ikusten badu, eta ondorioz, mugitzen bada, emaitza onak lor daitezke. Gehienok pentsio duina dugu, baina badira larri daudenak eta denok duin bizitzea merezi dugu. Norbere buruari bakarrik begiratu beharrean, elkartasun keinu ttiki bat izanen bagenu, aunitz lortuko genuke. Norberak bere bidean segitzen badu, ordea, ez.