Txapeldunen txapeldun izan da bertze behin Kortariko gasna Ordizian

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 13a, 16:30

Azken hamar urteetako irabazleen txapelketa egin dute gaur Ordizian eta Orabideko Julen Arburuak lehenbiziko eta hirugarren sariak lortu ditu

Argazkiak: Ordiziako Azoka

Irati Usandizaga eta Julen Arburua senar-emazteak, lehen saria eskuratu zuen gasnarekin.

XXXIV. 'Ordizia Txapeldun' gasna lehiaketa egin dute gaur eta azken hamar urteetako saridunak lehiatu dira bertan. Kortariko gasnak bi aldiz irabazi duenez (2018an eta 2019an), bi gasna aurkezteko aukera izan du Julen Arburua lekaroztarrak eta lehenbiziko eta hirugarren sariak lortu ditu. Gainera, urrezko gasnaren saria ere eraman du gasnak 8,5eko nota gainditu duelako, 9,07 punturekin. Otatza gaztandegiko Joseba Insausti ordiziarra bigarren sailkatu da lehiaketan eta maila «paregabea» eman dute lehiakide guztiek.

Epaimahaian aritu dira Jose Juan Castillo lehendakari dutela, Felix Manso (Manso Jatetxea, Irun), Imanol Zubelzu (Basque Culinary Center), Victoria Urresti eta Patxi Perez Elortondo (Idiazabal Jatorri Izendapeneko teknikariak), eta Eli Belaunzaran (El Diario Vasco) eta Aitzol Zugasti (Revista ON) kazetariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun