Bertan Baztango Merkatarien Elkarteak eta Rural Kutxak LarunBertan ekimena antolatu dute bertako merkataritza sustatzeko, deskontuen katalogo ttiki bat sortzeko eta tokiko merkataritza behin eta berriz erabiltzen den merkataritza izan dadin.
Urriaren 2an, 8an, 16an eta 23an eta azaroaren 6an, 13an, 20an eta 27an hainbat deskontu eginen dituzte komertzio aunitzetan goizez, eta ostatuetan bertako produktuekin egindako pintxo berezi bat eskainiko dute. Haurrendako hainbat eskulan tailer ere eginen dituzte larunbat goizetan Elizondon. Informazio guztia www.bertanbaztan.eus webgunean dago eskuragarri.
Joan den larunbatean Trikidantz taldearekin batera egindako zozketaren sariak eman zituzten. Honez gain, La Palma irlari babesa adierazteko Kanariar Uharteetako platanoak banatu zituzten irabazleen artean eta bertaratutako guztiendako. Ekimenarekin bat egitera animatu dute jendea, bertako hainbat komertzioetan Kanarietako platanoak eskuragarri paratuz.