Baztan jomuga erakargarria da turismoarendako eta horrek eragin zuzena du lurraldeko ehun sozioekonomikoan. Azken bi hamarkadetan alojamendu turistikoen kopuruak nabarmen egin du goiti eta gehiago espero dira hurrengo urteetarako.
Baztango erronketako bat «jendea herrietan finkatzea» eta «etxebizitzaren aukera erraztea» da, eta jomuga turistiko bat izateak «etxebizitzaren, lurraren eta alokairuaren prezioan eta alokairuko etxebizitzaren parkean» eragiten du. Udalak identifikatu duen bertze arrisku bat «gehiegizko eskaintza» da, «ez bakarrik sortzen ahal den burbuilagatik, herri eta auzoek turismoaren etorrera jasateko duten muga fisikoengatik ere». Horregatik, «Baztango bizimoduari eusteko eta erakargarri izaten segitzeko» lanean ari dira. Hau lortzeko, alojamendu turistikoen errealitatea eta hauek izan duten eragina aztertu dute Ostatu Turistikoen Azterketan.
Ostatu Turistikoen Azterketa
Bizi-Biziki aholkularitzak egin du azterketa eta datuak Nafarroako Turismo Behatokitik, Errealitate Sozialaren Behatokitik, NASTATetik, Baztango Hirigintza Planetik eta egindako inkestetatik atera dituzte: 199 alojamendu turistiko daude Baztanen eta 2.497 ohe plaza eskaintzen dira, hau da, 32 plaza 100 biztanleko. Erratzuk badu kopuru handiena, 150 plazekin 100 biztanleko, Gartzain ondotik 102 plazekin, Azpilkueta 56 plazekin, Lekaroz 53 plazekin eta Arizkun 43 plazekin. Bertze muturrean daude Irurita 6 plazekin, Elizondo 11 plazekin eta Aniz eta Berroeta 18 plazekin. Laburbilduz, Baztangoiza kuartelean 82 plaza daude 100 biztanleko, Elizondon 60, Erberean 44 eta Basaburuan 13.
Hala ere, «tipologia bakoitzak ez du berdin eragiten, herri eta auzo bakoitzaren ezaugarri urbanistikoak kontutan hartu behar dira datuak aztertzerakoan, bigarren etxebizitza eta etxebizitza huts kopurua zein den, zerbitzu eskaintza, ibilgailuen harrera gaitasuna, errepide sarea… ». Errealitate soziala ere kontuan hartu behar da, «ez baita berdin despopulazio arriskuan dagoen edo herritarrak bertan finkatzeko zailtasunak dituen herri bat eta Elizondo».
Datuak eskualdekoekin ere konparatu dituzte. Baztanen gibeletik Bortziriak daude, 104 ostatu turistiko eta 1.226 ohatze plazarekin. Malerrekan 81 ostatu eta 1.243 plaza daude. Bertizaranan 81 ostatu eta 180 plaza daude. Urdazubi eta Zugarramurdin 38 ostatu eta 279 plaza daude. Gainera, etorkizunera begira, Baztanen guttienez 816 plaza berri espero dira eta kopurua guztira 3.313 plazara igoko litzateke.
Landetxeei dagokionez, 108 badaude Baztanen, eta ohatze plazan %37a eskaintzen dute. Nafarroako landetxe guzien %15a Baztanen daude, eta honek landa turismoan bereziki posizionatutako lurralde gisa ezaugarritzen du. Honez gain, 68 apartamentu turistiko daude, eskainitako plazen %14a, eta hauetatik 38 Elizondon daude.
Jabeei dagokionez, ostatu turistikoen jabeen %65ak jarduera osagarritzat du kudeaketa, eta nagusiki Baztango herritarrak dira eta bertan dute bizilekua. Hala ere, kanpoko inbertsoreak etortzeko joerak goiti egin du. Ostatuen %70ak ez du langile plantillarik behar, eta behar direnean ordukako kontratazioak dira, hotel eta aterpetxeetan izan ezik.
Amaiurko bisitarien profilaren azterketa kuantitatibo eta kualitatiboa egin dute, eta etortzen den bisitaria «landa paisaia bila dator, lasaitasunaren, herrien eta naturaren bila». Baztango webgunean eskuragarri daude egindako bi azterketen dokumentuak: Alojamendu turistikoen azterketa eta Amaiurko bisitarien profila.