Baztango uhaldearen ekosistema ezagutzeko ibilaldia egin dute Elizondon

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 5a, 18:00

Baztango Talde Ekosozialak ibilaldia antolatu zuen Elizondon igandean Baztango uhaldearen ekosistema hobeki ezagutzeko helburuarekin. Horretarako, Arturo Elosegi EHUko irakasleak eta ekologia katedradunak eman zituen azalpenak. Elizondo eta Elbete arteko Askoko zubian hasi zuten ibilaldia eta erreka segituz, Giltxaurdiko meandrotik pasatuta, Muniarteko zubira joan ziren, Opokan ibilbidea akitu zuten arte.

Klimaren aldaketarengatik, Elosegik gero eta erauntsi bortitzagoak izanen ditugula ohartarazi zuen. Hortaz, uberroak handiago eta maizago izanen dira, ekarriko dituzteen kalteekin. Kalteak arintzeko eta prebenitzeko lana egitea beharrezkoa dela azaldu zuen; uhaldeak herrian sartu baino lehen zabaltzeko eta gainezka egiteko tokiak behar ditu. Kalteak ttikitzeko, Txokotoko presaren zati bat bederen bota beharko dela ere ohartarazi zuen, uraren maila jausteko.

Bertze hainbat kontu izan zituzten solasgai, hala nola, uhalde bazterretan zuhaitzak egotearen garrantzia, nekazaritzako ur-zikinen %30a uhaldera ailegatzen dela eta kutsatzaile berrien eraginek sortutako kezkak. Araztegiek ez dituzte botiken arrasto guztiak kentzen ahal eta Elosegik adierazi zuenez, «uhalde bizi batek, ur-lasterrekin, uhalde bazterreko zuhaitz, sasi eta itzalekin, enborrekin… ura garbitu eta arazteko ahalmen handia du».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun