Neurri murriztailerik gabe giro ederrean ospatu dituzte Anizko bestak

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 4a, 12:30

Urte eta erdiren buruan lege murriztaileak bertan behera utzita, Anizko bestak ospatzeko aukera izan dute, aitzinetik prestatua zegoen egitarauan aldaketa ttipi batzuk eginez. Ortziralean suziriak bota, bestetako blusa azula soinean paratu, eta Oihanek eta Maiderrek egin zuten herrian barnako itzuliarekin hasi zituzten bestak. Argazkia eta testua: Maitane Maritorena.

Oihanek eta Maiderrek girotutako kalejiraren ondotik, frontenis txapelketa izan zuten haurrek, eta gazteek zopak.

Larunbatean, Euskal Herriko dantzari egunaren baitan, goizean goizetik gaitariak ibili ziren herrian barna. 12:00etan Arabako Jare dantza taldeak ikuskizun polita eskaini zuen herriko bi tokitan: Plaxa Zarren eta frontoian. Ikuskizunaren ondotik, dantzari taldekoek herritarrekin dantzan segitu zuten, aski giro goxoan.
 
Bazkaldu eta gero, musa, boneta jaurtiketa eta herritarren arteko jostetak izan ziren: zapi jokoan eta aulki dantzan gustura aritu ziren haur, gazte eta helduak.
 
Igandean urtero bezala, –iazkoa kontuan hartu gabe– paella lehiaketa izan zen. Aurten lehenbiziko aldiz prestatzaile nagusiak haurrak izan ziren. Talde bakoitzean heldu bat eta bina haur izan ziren, irabazleak berriz,  parte-hartzaile guztiak izan ziren. Bazkalondoan aurten ere ezusteko polita eskaini zuten haurrek, herritarrendako prestatutako ikuskizun ederra izan baitzuten.  Bestak hasi aitzinetik entsaiatzen aritu ziren, eta etxez etxe gonbidapenak partitu ondotik, igandean, paella jatearen ondotik, zirku ikuskizun ederra egin zuten. Zirkua akituta, urtero bezala, bingoa.  Aurten gainera, mediku eta erizainaren larruan aritu ziren bingoaren antolaketa daramaten Asier eta Aitor.  Bingoan bildu zen sosaren irabazlea Oihan izan zen.
 
Bingoa, musa, jostetak... eta akitzeko, larunbatean bezala, igandean ere gorputza mugitzeko aukera izan zuten aniztarrek, aspaldiko partez dantza egitea libre baitzen. Hauspolariek taldearen musikarekin dantzan eman zioten bestari akabaila.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun