EHUren udako ikastaroen baitan, eta Baztango udalaren laguntzarekin Landa herrien iraunkortasuna: ondarea, etxebizitza eta komunitatea jardunaldia egin zuten ortziralean Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Denera 35 lagunek hartu zuten parte, horietarik batzuek on-line.
Ikastaroaren bidez herrietako zein landa-lurretako ondarearen husteaz harago, lurralde kanpoko aisialdiak eta turismoa oinarri duten populazio eta kultura ordezkapen prozesuez gogoeta egin zuten. Joseba Otondo Baztango alkateak abiatu zuen ikastaroa eta nabarmendu zuen Baztanen 860 etxe huts daudela, eta bertze 520 bigarren etxebizitza direla.
Amaia Albeniz arkitekoak landa-inguruko arkitekturari buruz mintzatu zen, eta ohartarazi zuen bakarkako etxeen sakabanatutako sistemak nezakaritzarako lurrak jaten dituela. Ondotik, Lierni Altube eta Ainhoa Negeruela arkitektoak zahar berritzeko teknikez mintzatu ziren.
Baztango egoeraz harago, Jean Claude Mailharin Amendüze-Unasoko hautetsiak Ipar Euskal herrian ematen ari den gentrifikazio prozesua aztertu zuen. Nabarmendu zuenez, Frantzia iparraldetik Ipar Euskal Herrira joaten direnek erosteko ahalmen handiagoa dute, eta bertakoek etxea ezin erosirik herrian gelditzeko gero eta arazo gehiago dituzte.
Rosa Lago EHUko irakaslea etxebizitza kooperatiboen inguruan solastatu zen eta eta proiektu horiek etxe handiak biziberritzeko ematen duten aukera nabarmendu zuen.
Arratsaldean egoeraren azterketa egin eta proposamen berriak lantzeko tailerrak egin zituzten.