Urriaren 1ean Baztango Batzar Nagusiak egindako bileran herri-lurretan egin nahi den meategiari buruzko galdetegia egiteko galdera erabaki zen: Magnak Erdizko herri-bazkalekuan egin nahi duen meategi-egitasmoaren alde zaude? Erantzunak hiru aukera izanen ditu: BAI, EZ edo ZURIA.
Legearen arabera, galdeketa egiteko eskubidea dutenak udaletxeko udalbatza edo herritarrak eskari bidez izanik, Batzar Nagusiak erabaki zuen udaletxeko udalbatzari galdeketa antolatzeko eskatzea. Proposamenaren aldeko 24 boto izan ziren, Navarra Sumako hiru ordezkariek aurka bozkatu zuten eta Almandoz eta Zigako alkateak abstenitu ziren.
Apirilean hasi zen herri-galdeketari buruzko bidea Batzar Nagusiaren bilkuran, eta batzordea sortu zuten horretarako. Batzar Nagusiak azaldu duenez, «interes bizikoa da baztandarren ondasunak baliatuko lituzkeen egitasmoa baztandarren borondateari kasu eginez bideratzea», eta horretarako, «eztabaida publiko eta gardenaz gain herri-galdeketa loteslea egitea beharrezkoa» dela adierazi dute.