Erabakia hartu baino lehen gaia sakonago aztertuko dute
Mattari Alzuartek BKZko ordezkariak Batzar Nagusiari eskatua zion Beartzunen herri-lurrak uztea oraingo parkea handitzeko. BKZren proiektu berri horrek, eraikin sozial berri bat, etxolak altueran eta aparkaleku berri bat egitea ekarriko zuen, eta «komunalaren erabilera errepidea hobetzera eta horretarako beharrezkoak diren baimenak lortzera baldintzatuta egonen litzateke». Proiektu berri honekin, BKZak «parkearen jarduera sendotu, dauden lanpostuak egonkortu eta plantilla handitu» nahi du.
Atzoko Batzar Nagusian Aitor Bazterrika Elizondoko alkateak azaldu zuenez, irailaren 24an Elizondoko herriak batzarre bat egin zuen, eta bertan, BKZren proposamenari buruz eztabaidatu ondotik, hainbat herritarrek ez bozkatzea proposatu zuten, ez baiezkoa ez ezezkoa, eta gaia 3 hilabetez mahai gainean uztea, hurrengo Batzarrera arte. Aldi berean, lan-mahai bat osatzea proposatu zuten, eta bertan parte hartuko zuten Batzar Nagusiko ordezkariek, Nafarroako Gobernuko ordezkariek, BKZko ordezkariek eta Berro, Beartzun eta Antzanbordako bizilagunek. Mahai honen helburua errepidearen eta trafikoaren gaia jorratzea izanen litzateke, Nafarroako Gobernuak errepide hori moldatzeko bermerik duen argitzeko. Bazterrikak azaldu zuenez, Batzar Nagusiak proposamena ez babestea erabakiz gero, Elizondoko Batzarrak BKZren proposamenaren aurka bozkatzea erabaki zuen.
Ondotik hainbat alkatek hitza hartu zuten euren herrietako batzarretan hartutako erabakien berri emateko (herri guztietan ez zen batzarrerik egin). Alkate batzuek jakinarazi zuten beren herrietako batzarrek BKZren proposamena babestea erabaki zutela, betiere sarbide-errepidea moldatzeko baldintzarekin. Bertze hainbatek adierazi zuten batzarretan erabakia mahai gainean uzteko proposamena babestea erabakia zutela, hurrengo 3 hilabeteetan gehiago lantzeko, hurrengo Batzar Nagusia egin arte.
Herrietako alkateek hitz egin ondotik, bai Isabel Olabek, Navarra Sumako zinegotziak, bai Ruben Zigandak, Geroa Baikoak, euren haserrea agertu zuten atzoko Batzar Nagusian gaia ez jorratzeagatik eta berriz ere mahai gainean uzteagatik, erranez aunitz atzeratzen ari zela erabakia eta BKZari erantzuteko nahikoa informazio bazegoela.
Xabier Torres Turismo zinegotziak (EH Bildu) erantzun zuen erranez, «erabakia mahai gainean uztea ez dela atzera botatzea, eta beharbada hobe dela hiru hilabete itxarotea eta gauzak ongi erabakitzea orain bozkatu eta atzera botatzea baino». Errepideari buruzko idatzizko konpromisorik, proiekturik, sinadurarik edo aurrekontu-partidarik ez dagoela argudiatu zuen. Beraz, aukera hori hurrengo hilabeteetan lantzearen alde egin zuen.
Eztabaida bizia piztu zen, eta azkenean Elizondoko Batzarraren proposamena bozkatu zuten, hau da, BKZak egindako eskaera ez bozkatzea eta errepidearen gaia lantzeko lan-mahai bat sortzea. Batzar Nagusiko 21 kidek bat egin zuten erabaki horrekin, 8 abstentzioa erabaki zuten eta kontrako botorik ez zen izan.
Erdizko proiektuari buruzko herri-kontsulta antolatzea eskatu du Batzar Nagusiak
Bertzalde, Baztango Batzar Nagusiak Baztango Udalari Magnesitas Navarras (MAGNA) elkarteak Erdizko larre komunalean egin nahi duen harrobiaren proiektuari buruzko herri-kontsulta bat antola dezala eskatzea erabaki zuen. Bertan, baztandarrei galdera bat planteatuko zaie: Magnak Erdizko larre komunalean egin nahi duen meatze-proiektuaren alde zaude? Botoaren aukerak hiru izanen dira: Bai, Ez edo Zurian.
Atzoko Batzar Nagusian jakinarazi zutenez, herri galdeketak arautzen dituen 27/2002 Foru Legeak dio herritarrei edo Udalari dagokiela galdeketa horiek antolatzea. Horregatik, Batzordeak, aldeko 24 botorekin, aurkako 3rekin eta 2 abstentziorekin, Udalari kontsulta antolatzeko eskatzea erabaki zuen, azaldutako baldintzetan.