Maite BARBERENA

«Abeltzaintza ogibide bilakatzeko inbertsio handiak egin behar dira»

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 3a, 08:00
Maite Barberenak martxoaz geroztik abeltzaintza du ogibide.

Maite BARBERENA IBARRA, Zigaurreko abeltzaina.

Amaren eta amaginarrebaren lekukoa hartuta, joan den martxoan hartu zuen abeltzaintza ogibidetzat. Zigan eta Urrozen haragitako behiak eta ardiak ditu.

Aizturrak, ile-lehorgailuak eta orraziak lanabes izatetik, behien eta ardien gibeletik lan egitera pasatu da Maite Barberena Ibarra (Zigaurre, 1987). Pandemiak eman dio aldaketa hori egiteko bide, ile-apaintzaile lana utzi eta amaren eta amaginarrebaren lekukoa hartuta abeltzaintzan hastea erabaki baitu. Etxeko bi ttikiei lehentasuna emanez,  azienden lanak «familiaren laguntzarekin» egiten dituela aitortu du, baina «lana gustukoa» duela dio eta trabak traba kontent da joan den martxoan ekin zion ibilbidearekin.  

Behiekin eta ardiekin ari zara...
Bai, hala da, Zigan behiak eta Urrozen ardiak eta behiak izaten ditugu. Denetarat 20 behi eta 40 ardi izanen ditugu. Denak haragitakoak dira eta tratanteen bidez kanpora saltzen ditugu. Hala ere, bi haur ttikiren ama naiz eta beraiek dira nire egunerokoan lehentasuna dutenak. Azienda lanak egiteko, bai Urrozen baita Zigan ere, nire eta senarraren familien aldetik laguntza handia dut eta haien laguntzarekin ateratzen ditut aitzinera.

Haurtzarotik baserri munduarekin loturarik izan duzu?
Bai, etxean betitik behiak izan ditugu. Aitak kanpoan lan egiten zuen eta amak etxean, baina beraiek ere haragitako behiak izan dituzte beti. Ni, ordea, pandemia indarrean sartu zen arte kanpoan aritu nintzen lanean, ile-apaintzaile. Pandemia etorri zenean haurdun nengoen eta lana utzi behar izan nuen. Horren ondotik erabaki nuen abeltzaintzan hastea, aurtengo martxoan.

Aunitz pentsatutako erabakia izan zen?
Ez. Aldaketa handia izan da,  baina niretako ez da gauza berria, betitik ikusi dudan lana da. Ama eta amaginarreba jubilatzekotan ziren eta bideari segitzeko aukera ikusi nuen. Azken batean, familiako martxa segitzea zen...

«Gaur egun egoerak ez du abeltzaintzatik bizitzea ahalbidetzen eta dirulaguntzarik gabe ia ezinezkoa dela uste dut».

Zaila da abeltzaintzatik bizitzea?
Gaur egun, bai, egoerak ez du abeltzaintzatik bizitzea ahalbidetzen eta dirulaguntzarik gabe ia ezinezkoa dela uste dut. Abeltzaintza ogibide bilakatu nahi baduzu alimaleko inbertsioak egin behar dituzu. Eta nirea bezalako enpresa ttikietan traba aunitz dira. Gastu aunitz dira, eta garai edo urte txarra baldi bada eta dirurik sartzen ez bada, horri buelta ematea zaila da, enpresa handietan baino aise zailagoa. Espero dut hemendik gutira, administrazioak gauzak erraztea.    

Hala ere, gustuko tokian maldarik ez...
Nire lana gustukoa dut eta gustukoa den zerbait ez da inoiz gibelean utzi behar, nahiz eta traba aunitz izan.

Lan lotua da?
Aziendaren araberakoa da. Haragitako behiekin uda partean denbora libre gehixeago izaten da. Urritik edo azarotik apirilera bitarte lan lotua izan daiteke, eta udan, belaian daudenean ere zaindu behar dira, baina diferentea da. Esnetakoek egunero gainean egotea eskatzen dute eta nire kasuan lana arinagoa da. Horrek haurrekin moldatzeko aukera gehiago ematen dit. 

Berriki Intia Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Nafarroako Institutuak antolatutako ikastaroetan ikusi zaitugu...
Bai, ikastaroa paper kontuetan ditudan dudak argitzeko ongi heldu zait. Ikastaro trinkoa da eta orain arte positiboa izaten ari da. Jakin beharreko mila istorio dira eta ikastaroan informazio pila ematen digute.

Galduta zaudela aipatu izan duzu...
Abeltzaintza ez da azienden kontua bakarrik, ikasi beharreko faktore pila daude. Gaur egun, agiriak eguneratuak eduki behar dira, eta kontu aunitz, denak ez errateagatik, ezezagunak dira guretako. Agiriena bertze mundu bat da, eta niretako hori da zailena.

Abeltzaintzatik bizitzeko inbertsio handiak egin behar direla aipatu duzu. Baduzu egiteko asmorik?
Oraingoz ez, baina badut zerbait egiteko asmoa. Dirulaguntza hartuta zerbait konpondu nahi genuke...

«Prezioak dauden bezala daude. Azken urteotan haragiaren prezioa ez da goratzen ari. Baina pentsua gero eta garestiagoa da».

Esne ekoizleak kexu dira aspaldian. Haragitakoekin egoera hobea da?
Prezioak dauden bezala daude. Azken urteotan haragiaren prezioa ez da goratzen ari, berdin mantendu da. Baina pentsua gero eta garestiagoa da. 

Baloratua den lana da?
Ez. Baserriko lana aunitz aldatu da. Lehen baserrietan aunitz inplikatzen ziren eta gaur egun, bertze belaunaldi bat gara eta gazteok lan egiteko bertze manera bat dugu, jubilatuek edo lehen lan honetan aritu direnekin konparatuz diferentea. Alde horretatik ez da aski baloratzen gaur egun egiten dugun lana.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun