Baztango hainbat errepidetan segurtasuna hobetzeko Geroa Bairen bi ekimen ahobatez onartu ditu Baztango udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 1a, 16:00

Ordoki auzotik Erratzurako bidean moldaketak egin dituzte berriki eta, orain, abiadura murrizteko lanak eginen dira.

Geroa Baik aurkeztutako bi mozio aho batez onartu zituen Baztango Udalak irailaren 23an egindako batzarrean. Horien bitartez, Baztango hainbat errepidetan bide segurtasuna hobetuko da.

Alde batetik, Arizkungo Ordoki eta Bozate auzoetan ibilgailuen abiadura moteltzeko, Ordoki auzoan guardia etzana edo sakangune bat jartzeko eta Bozate auzoan bertze bi jartzeko baimena Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuari eskatzea onartu zuen udalbatzak, Geroa Baik hala proposaturik. Era berean, argiztaturiko abiadura seinaleak jartzea eta abiadura muga adierazten duten seinale bertikalen berrikustea eta, beharrezko kasuetan, berriak jartzea ere onartu zuen osoko bilkurak. Halaber, behin Nafarroako Gobernuaren baimena lortu ondotik, Baztango Udalak lan horiek burutzea aho batez onartu zuen Udalbatzak.

Bertzalde, Geroa Bairen ekimenez, Aritzakun-Urritzate eta Beartzun auzoetara iristeko errepide eta pista zati batzuk Errepideen Katalogoan sar ditzan Nafarroako Gobernuko Obra Publikoen Departamentuari eskatzea onartu zuen udalbatzak. Hobekuntzak behar dituzten errepideak dira horiek denak eta Baztango Udalak konponbide txikiak egin dituen arren, Nafarroako Gobernuak ezin izan du horietan dues egin, ez baitaude Nafarroako Errepideen Katalogoan. Ekimen honekin egoera horri konponbidea eman nahi zaio eta, bidenabar, Nafarroako Gobernua inplikatzea bide horiek hobetzeko orduan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun