Euskal Herriko Dantzarien Eguna ospatuko dute urriaren 2an Baztanen

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 1a, 12:00
Euskal Herriko Dantzarien Egunaren aurkezpena egin zuten ortzegunean Balleko Etxean. Ezker-eskuin, Xabier Mendizabal, Pedro Romero, Xabier Torres, Eider Aiesa eta Aitor Bazterrika. Argazkia: Fernando Anbustegi

Euskal Herri osoko 300 bat dantzari ibiliko dira Baztango karriketan eta Argentinako eta Uruguaiko taldeak pantailaren bidez ikusteko aukera ere izanen da.

Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatutako Euskal Herriko Dantzari Eguna urriaren 2an ospatuko da Baztanen. Joan den urtean ez zen ospakizuna egiterik izan, baina sareen bitartez hedatu zituzten hango eta hemengo dantzak, atzo Baztango Balleko Etxean egindako aurkezpenean Pedro Romerok, Euskal Dantzarien Biltzarreko presidenteak jakinarazi zuenez. Romerorekin batera, Xabier Mendizabal (Gipuzkoako Dantzarien Biltzarra), Eider Aiesa (Nafarroako Dantzarien Biltzarreko idazkaria), Xabier Torres (Baztango udaleko zinegotzia) eta Aitor Bazterrika (Elizondoko alkatea) izan ziren aurkezpenean.

Aurten ere, Euskal Herritik kanpoko taldeek ere parte hartuko dute bestan, «pantailaren bidez bada ere, Argentinako bortz talde eta Uruguaiko bat ikusteko aukera izanen baita larunbat arratsaldeko ekitaldi nagusian».

Egitarau zabala

Egun osoko egitaraua izanen du ospakizunak, goizetik hasita ilunabarrera arte, eta hainbat herritan ibiliko dira dantzariak:

  • 10:00etan Dianak izanen dira Elizondon, Anizen eta Iruritan, Elizondo, Baztan, Malerreka eta Bortzirietako gaitarien eskutik.
  • 11:00tan Folklore azoka eginen dute Elizondon; jantziak, musika tresnak, Baztango artisauak eta bertako produktuak izanen dira salgai.
  • 12:00etan Kalejirak eta dantza emanaldiak:
    • Amaiurren Iparraldeko dantzariak
    • Anizen Arabako dantzariak
    • Arizkunen Gipuzkoako dantzariak
    • Iruritan Nafarroako dantzariak
    • Elizondoko plaza musikaz girotua izanen da
  • 13:00etan Euroeskualdeko emanaldia Elizondoko plazan, Nafarroako, Arabako, Iparraldeko eta Gipuzkoako dantzariekin.
  • 16:30ean Folklore azoka eginen dute berriz ere Elizondon.
  • 17:30ean Kalejira Elizondoko karriketatik barna. Euskal Herriko dantza taldeen topaketa nagusia izanen da.
  • 18:00etan Ekitaldi nagusia Elizondoko luzeko pilotalekuan: Nafarroa, Iparralde, Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Euskal Diasporaren agerraldia.
  • 20:00etan Dantza irekia.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, kalejirak jarraitzailerik gabe izan beharko dute segurtasun neurriak errespetatzeko. Ekitaldi nagusiak edukiera mugatua izanen du, ikusi nahi dutenek sarrera ordubete lehenagotik biltzen ahalko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun