Baztertuak erakusketa Elizondon izanen da ikusgai

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 1a, 10:30

Urrian ikusgai egonen da Marc Espinen argazki-kazetaritzako erakusketa Elizondoko Arizkunenea Kultur etxean

Gaur Adinekoen Nazioarteko Eguna denez, Herrien arteko Laguntzarako Nafar Erakundeak eta Tau Fundazioak Baztertuak; ahanzturatik aktibismora erakusketa paratu dute ikusgai Elizondon. El Salvadorreko adinekoen egoera latzari buruzko argazki-kazetaritzako erakusketa bat da, borroka aktibista dokumentatzeaz gain landa eremuetako pobrezia erakusten duena. Hainbat jarduera eginen dituzte: ikasleendako bisita gidatuak, topaketa birtualak protagonistekin… Gero, Tafallara eta Iruñera eramanen dute erakusketa.

Sinopsia

El Salvadorreko landa eremuan, 60 urtetik goitiko hiru pertsonetatik bat da analfabetoa; % 75ek ez du pentsiorik jasotzen, milaka adinekok gaixotasun sendagarriak pairatzen dituzte eta ondorioz, aunitz ere hiltzen dira. El Salvadorreko adinekoak baztertuak daude. Dena eman dute familiaren alde, komunitatearen alde, herrialdearen alde, gerra garaian nahiz bakea eta demokrazia eraikitzeko prozesuan, baina Estatuak adineko gehienak abandonatu ditu.

Ataka gaizto hori ikusirik, adinekoak elkarren artean antolatu dira, eta buru-belarri ari dira duintasuna eta eskubideak aldarrikatzen bizitzaren arlo guztietan. Haien borrokari esker, aitzinapausoak izan dira; adibidez, berriki onetsi dute adinekoari buruzko lege eta politika nazional berria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun