Euskal Herriko Neska* Gazteak hainbat talde zein norbanakoren sarea da, «mugimendu bat». 2016an hasi zuen ibilbidea, GaztEraiki izeneko gazte mugimenduen topaketan. Bertan «hainbat herritako feministok elkar ezagutu genuen eta proiektu berriak marrazten hasi ginen». Izartxoak (*) heteropatriarkatuak zapaldutako subjektu oro barne hartzen ditu, «askok ez baitute euren burua emakumetzat».
«Aurrerapauso bat»
Urriaren 9an eta 10ean Euskal Herriko talde feministen topaketa eginen dute Elizondon Mugimenduan gaude, lurrikara gara lemapean, «bizi dugun testuinguruari erreparatu eta krisi anizkoitz honi feminismotik eta gaztetasunetik erantzuteko, elkar ezagutzeko espazioak irekiz eta mugimenduak eraberrituz». Hitzaldiz, tailerrez eta mahai- inguruz betetako asteburua izanen da. Parte hartzeko izen-ematea zabalik da «neska* gazte subjektuarekin identifikatzen den guztientzat» www.ehkoneskagazteak.eus webgunean. 600 bat gazte elkartzea espero dute, «hori da gure apustua behintzat». Eta noski, «beharrezko neurri guztiak hartuko ditugu».
Ez da mugimenduak horrelako zerbait antolatzen duen lehenbiziko aldia, «2017an eta 2018an Gazte Udaleku Feministak egin genituen» eta aurrekaria ere badu; «2019an Lizarran Egin dezagun topa! topaketan 400 bat lagun bildu ginen». Hala ere, aurtengo apustua handiagoa da, «erronka kualitatibo bat». Mugimenduak aurrerapauso bat emanen du, «era kolektiboan hausnartu eta ahots propioz erantzuteko anbizioarekin».
Ekainean hasi ziren antolatzen topaketa, «asteburu pasa bat egin genuen antolatzeko prest zeuden 30 bat neska* gazterekin. Elkarrekin hausnartu eta baterajotzearen oinarriak adostu genituen». Lantaldeak osatuta, «buru-belarri» aritu dira lanean udan azpiegitura, eduki eta komunikazio kontuekin. «Topaketa gorpuzten joan gara denon artean».
Krisi anizkoitza
Egitarau zabala izanen du asteburuak, eztabaida, hitzaldi, tailer, mahai-inguru eta manifestazioekin. Aisialdiari ere tartea eginen diote bertso saio, ipuin kontalari eta kontzertuekin. Ikastolan eta frontoietan antolatuko dituzte ekitaldi guztiak, eta otorduak ere, bi txandatan eginen dituzte bi gune bereiztuetan; «espazio bat frontoian eta bestea parean dagoen estalpean». Lo egiteko akanpalekua prestatuko dute.
«Antolatuz eta borrokatuz lortuko dugu sistema arrakalatzea»
Ekhiñe Petriati, Baterajotzeko antolatzailea
Bi egun horietan neska* gazteen problematika izanen dute hizpide, «behar eta kezka anitzak ditugulako: bizi dugun prekarietatea, ezartzen zaizkigun kanonen ereduak, familiak gugan eragiten duen kontrol soziala, hezkuntza sistemak ezartzen dizkigun mugak, balore eta pentsamendu heteropatriarkala, ezartzen zaizkugun arauak... eta pandemia hasi denetik asko larritu gaitu ematen ari den indibidualizazio prozesuak eta komunitatearen galerak».
Kezka asko dituzte, baina helburu bakarra: «Euskal Herri feminista bat eraikitzea, non bizi ditugun zapalkuntzetatik askatuko garen». Helburu handia da, eta argi dute ez dutela egun batetik bestera lortuko, baina «eguneroko lanarekin, antolatuz eta borrokatuz lortuko dugu sistema arrakalatzea, iritzia sortzea, komunitatea ehuntzea, alternatiba gugan hasten dela sinestea, pentsamendu kritiko aktibatzea, baloreak eraldatzea, aldarrikapen konkretuak plazaratzea, lorpen txikiak eskuratzea, beste eredu bat sortzeko gai garela transmititzea».
EGITARAUA |
Urriak 9, larunbata |
10:30-11:30 Iritsiera |
Urriak 10, igandea |
09:00 Gosaria |
Mugimendua ikus-entzunetara
2016tik gaur egunera mugimenduaren historia kontatzeko, Mugimendutik lurrikarara dokumentala sortu du taldeak. «Belaunaldi aldaketa bat izan da mugimenduan eta garrantzitsua da orain artekoa erregistratzea, ikasitakoa kokatuz eta aurrera begira erronkak azpimarratuz». Herriz herri proiektatzen ari dira dokumentala eta urriaren 3an publiko eginen dute sare sozialetan eta webgunean.
«Traba asko» izan dituzte dokumenatala sortzeko, «gehienak ez garelako bideo grabaketan eta edizioan adituak». Gidoi batekin hasi zen dena, hortik abiatuta «parte hartu duten pertsonekin harremanetan jarri eta grabaketarako prestatu genituen». Dokumentala muntatuko zuen norbait bilatu zuten gero eta «kostata» aurkitu zuten. «Prozesu luzea izan da baina azkenean lortu dugu eta harro gaude». Honez gain, Baterajotzea! izeneko abesti eta bideoklip bat ere egin dute Gora Etorri taldearekin.
Etorkizunera begira, egitasmoak ez du «asmo zehatzik», baina asteburuaren ondotik, «adostutakoa lokalera jaistea izanen da gure lana, auzo eta herrietan eragitea eta dinamika propioak aurrera eramatea». Azaroaren 25ean eta martxoaren 8an bezalako data zehatzetan «ahots propioz kalera ateratzen segituko dugu mugimendu feministarekin batera».