Baztango Batzar Nagusiaren biharko batzarrak mahai gainean izanen du Baztan Park handitzeko BKZak egin duen eskaera, errepidea konpontzeko baldintzarekin. Proiektu hori (www.navarraaventura.com) duela urtebete aurkeztu zen, eta Batzar Nagusiak jarraipen-batzorde bat sortu zuen, informazio gehiago behar zuten puntuak argi zitezen.
Proiektua duela lau hilabete aurkeztu zitzaion Baztango udalari, eta BKZko arduraduna den Mattari Altzuartek dioenez, «ez alkatetzak, ez udaleko sail teknikoek, ez sortutako batzorde hark, ez digute deus gehiago eskatu».
Tarte horretan, proiektua Nafarroako Parlamentuko talde politiko guztiei aurkeztu zaie, Turismo, Berrikuntza eta Herri Lan Departamentuari. «Guztiek adierazi dute proiektua hagitz serioa dela eta garapen iraunkorra, kohesioa eta berrikuntza bultzatzen dituen proiektu baten baldintzak betetzen dituela», dio Mattari Altzuartek.
Hainbat parlamentari parkean egon dira proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko. Maria Txibite presidentea eta Javier Remírez presidenteordea ere parkeko instalazioak bisitatzen aritu ziren, eta handitze-proiektu berriaren bilakaerari buruzko interesa agertu zuten, «Europako abentura parke tematiko onenetako bat izan daitekeelako».
Hiru zutabetan oinarritako proiektua
Altzuartek aipatu digunez, handitzeko proiektua bideragarritasun ekonomikorako hiru zutabetan oinarrituta dago, eta parkeak sarrera bat izanen du egun osorako:
- Edozein motatako pertsonentzako abenturazko kirol-jarduerak: 800metroko tirolina azkarra (Canyon Gravity izenekoak 140km/orduko abiadura hartuko du), txikienentzako espazioak (Wowpark, 3 urtetik goitiko haurrentzako jarduera ugari naturan), trek bertigoa atrakzio berritzailea, canyontrek, tobogan erraldoiak… eraikitzea planteatzen da.
- Errestaurazioa, parke tematiko guztiek bezala, zaharberritze-azpiegiturak behar dituzte bisitariei beharrezko zerbitzuak emateko (lanpostu aunitz sortzen dira), tokiko produktuen kontsumoa sustatuz (tokiko ekonomia). Halaber, erabilera anitzeko eraikinak, harrera guneak, komunak, dutxak, biltegia, parke txikia, rokodromoa, erabilera anitzeko aretoa eta abar izanen ditu Baztango herritarrentzat eta kanpokoentzat.
- Zuhaitzen artean altuerako bizitokiak. Zuhaitzetan hamar etxola eraikitzea planteatzen dute, azken eraikuntza teknikekin; horietako hiru desgaitasunen bat duten pertsonentzat egokituta egongo dira. Ezinbertzekoa da proiektua bideragarria izateko eta helburu sozialak lortzeko».
Bilera informatiboak
Hilabete honetan, BKZak eskatuta hiru bilera informatibo egin dira proiektua aurkezteko: Batzar Nagusiko kideekin, gobernu taldearekin (Bildu eta Baztango Ezkerra) eta Beartzun-Berroko eta Antzanbordako bizilagunekin.
Bileren ondotik baserriz baserri joatea erabaki zuen BKZak, «bilerara joan zirenei eta joan ez zirenei proiektuaren txostena uzteko. Bagenekien garrantzitsua zela informazio ona ematea, iaz beartzundarrek proiektuari buruz erabaki zutena (sinadurak bildu ziren) Baztango 15 herrietako batzarretan errespetatu baitzen».
Erabakian eragiteko irregulartasun larriak
Honaino dena normala dela onartu ondotik, Mattari Altzuarteren ustez «hemen hasten dira irregulartasun larriak proiektuari babesa emateko edo ez emateko erabakian eragin handia izan dezaketenak».
BKZko arduradunaren erranetan, «Beartzungo bizilagunen WhatsAppeko talde batean norbaitek batzar batera deitzen du (inork ez daki nork), gai-zerrendarik gabe, ez da deus bozkatzen, eta ez da bileraren aktarik egiten. Ondorioz, "horiek" proposamen bat egiten dute (inork sinatzen ez duena) Beartzungo bizilagunen izenean, eta WhatsApp bidez Elizondoko herritar guztiei zabaltzen diete Elizondoko batzarreko botoan eragiteko. Oso larria».
«Inork sinatu gabeko proposamen baten bidez alkateak manipulatzen ari dira»
Altzuarteren arabera, «are larriagoa da proposamen ilegal hau Baztango 15 alkateak biltzen diren batzarrera eraman zutela "Beartzun-Berro eta Antzanbordako bizilagunen izenean”. Sinestezina, baina egia».
Hori hagitz larria dela uste du BKZak; «izan ere, alkateak manipulatzen ari dira inork sinatzen ez duen proposamen baten bidez, eta Beartzungo bizilagunen izena usurpatzen da, Baztanerako hain garrantzitsua den proiektu bat onartzeko bozketan (4 milioiko inbertsioa) eragin nahirik». Baztango Udalari irregulartasun horiek jakinarazi dizkiote. «Ez dakigu horrek zer eragin izanen duen Batzar Nagusiko bozketetan, baina tamalgarria da horrelako egoerak gertatzea», dio Altzuartek.
BKZk bi urte daramatza proiektu honekin, «eta ikusten dugu Geroa Bai eta Navarra Suma (oposizioko alderdiak), errepidearen konponketaren baldintza bermatzen bada, proiektuaren arras alde daudela, aurrerapena, kohesioa eta berrikuntza ekarriko dizkiola Baztani, argi ikusten dute proiektu hori guztiz iraunkorra dela eta aukera ematen duela edozein baztandar izan daitekeela ekimenaren bazkide edo inbertitzaile (Udala bera ere bai)».
Gobernu taldeko alderdi nagusia den EH Bilduk, aldiz, «ez du inoiz proiektuaren inguruan jarrera argirik hartu, baina ez du ja egin proiektua babesteko», Altzuarteren erranetan. «Baztango alkateak bilera bat eskatu diogunean baino ez digu kasu egin (bi urtetan lau bilera inguru), jarduteko modu horrek pena-tristura ematen digu, ez baita normala transmititu dugun borondate on guztiarekin (enpresak eta langileek) proiektu honi buruz hain sentsibilitate guti izatea. Gure ustez (ahoz erran digute), beren jarrera da ez daudela proiektuaren aurka, baina ez daudela ados jatetxea eraikitzearekin eta zuhaitzetako etxolekin» –dio Altzurtek—. «Azpimarratu behar da aurkeztu diren azpiegitura guztiak egitea legalki posible dela, lurrak birkalifikatu gabe, gaur daukagun eremu berean baitaude».
Proiektua bideragarria izateko beharrezko azpiegiturak
Proiektua bideragarria izatea nahi badute argudio horrek ez duela zentzurik dio BKZak: «Proiektuan argi eta garbi agertzen da bideragarritasuna hiru zutabetan oinarritzen dela: jarduerak, jatetxeak eta etxolak. EH Bilduk bideragarritasunerako funtsezko bi zutabe horiek kentzen baditu, ezinezkoa da norbaitek proiektu honetan eurorik inbertitzea».
BKZko kudeatzaileak aipatu duenez, «jarrera horrekin, argi eta garbi erraten ari dira ez dutela proiektua nahi, eta horrekin erraten dute garbiki ez direla 30 lanpostu duin sortuko, ez dutela Baztango haurrek eta eskolek Europako parkerik onenetako bat izanen, lehen mailako baliabide turistiko jasangarri bati ez erraten diote, gremio aunitzek lana lortzeko aukerari ez erraten diote, bertako produktuak saltzeko aukera paregabeari ez erraten diote, kirol taldeek babesle sendo bat izateari ez erraten diote, Udalak proiektuak sortzen duen diru-sarrera handiari (160.000 euro obra lizentzia eta 30.000-50.000 euro kuota urtero) ez erraten diote…».
BKZan ziur daude «proiektuaren onurak baztandar guztiei azaltzeko aukera izanen bagenu, gehienek proiektuaren alde egingo luketela, proiektua zertan datzan zuzen azaldu zaien herriak babesten ari diren bezala (proiektua errepidea konpontzeko baldintzapean egonen dela garbi erranez eta ongi azalduz). Gainerako guztia manipulazioarekin segitzea eta errealitatea faltsutzea da».