Baztanen 620 marihuana landareko plantazio baten ustezko arduraduna atxilotu dute foruzainek

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 28a, 10:30

Baztango borda batean 620 marihuana landare atzeman ondotik, Elizondoko komisariako foruzainek Pasaiako 49 urteko bizilagun bat atxilotu dute plantazioaren ustezko arduradun gisa. Foruzaingoaren oharrean zehazten denez, duela zortzi urte ere atxilotu zuten pertsona hori «delitu berdinagatik eta toki berean».

Oharrean ageri denez, berriki patruila batek mendiko borda bat bisitatu duenean, marihuana-plantazio handi bat aurkitu du. Zehazki, foruzainek borda horren ondoko bi negutegi ikuskatu eta, horien barnean, marihuana landare ugari ikusi zituzten, aunitz bi metro ingurukoak.
 
Plantazioaren arduraduna identifikatzeko, eta inguruan landaketa gehiago ote zegoen jakiteko, droneak erabiliz zaintza-dispositibo bat paratu zuten martxan, inguru osoa airetik ikuskatzeko. Luze gabe plantazioaren arduraduna identifikatu eta hirugarren toki bat ere aurkitu zuten, hirurogei landare baino gehiagorekin. Foruzaingoaren oharrak dioenez, landaketaren ustezko arduradunak polizia-aurrekariak ditu. Izan ere, duela zortzi urte Foruzaingoak atxilotu zuen jada, leku horretan bertan marihuana kopuru handia landatzeagatik.
 
Oraingoan, plantazioa bi eremutan banatuta zegoela egiaztatu zuten foruzainek: bata aire zabalean eta bertze bi berotegien barnean, tenperatura egokia lortzeko aireztapen-sistema batekin muntatuak landareak ahalik eta bizkorren hazteko. Gainera, inguruko errekatik bordaraino ura hornitzeko sistema bat zuen muntatua, eta handik berotegietara. Miaketan marihuana lantzeko era guztietako produktuak aurkitu dituzte, baita landareak lehortzeko eremu bat ere negutegien kanpoko aldean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun