Erratzuko aparkalekua egiteko lurrak trukean jaso ditu Baztango Udalak

Fernando Anbustegi 2021eko irailaren 28a

Gaur egun Erratzuko Ubidea etorbidea erabiltzen da behin behineko aparkaleku bezala. Argazkia: Juan Mari Ondikol

25.819 metro koadroko lur eremua erdietsi du 14.653 metro herri-lurren truke

Nafarroako Gobernuak Baztango Pertalats eta Utsalea parajeetan kokatutako 14.653 metro kuadro herri-lurren desafektazioa onartzeko akordioa hartu du berriki. Herri–lur horiek 25.819 metro kuadroko jabetza partikularreko bertze lursail batekin trukatuko ditu. Jarduerak elkarrekiko interesa du, izan ere, Baztango udalak lursail bat lortuko du Erratzuko sarreran, aparkaleku bat eraikitzeko, eta haraneko komunala handituko du. Bertzalde, partikularrak, lursail berean bilduko ditu bere jabetzak.

Erratzuko herri sarreran egin nahi den aparkalekuak, azken urteetan herrian aunitz hazi den bisitari kopuruak eragindako egoera erregularizatzea du helburu. Bisitari igoeraren ondorioz Baztango Udalak eta Erratzuko herriak hainbat neurri hartu behar izan dituzte azken aldian. Hasteko, herritarrek herritik Xorroxingo ur jauzirako bide berri bat egokitu zuten auzolanean, eta hala, Gorostapoloko ohiko bidea alde batera utzi eta Gorostapoloko auzoan eta Erratzuko erdigunean kotxe pilaketak, saihestea lortu zen.
Gorostapolora ez ezik, Inarbil auzorako sarbidea ere debekatu zen eta herriko sarreran dagoen Ubidea etorbidean behin behineko aparkaleku bat egokitu zen bisitariendako. Aparkalekua egokitzeaz gain, hainbat langile kontratatu dira goi denboraldian, trafikoa erregularizatzeko.
Nafarroako Gobernuak onarturiko desafektazioarekin, behin betikoa izanen den aparkalekua eginen da eta horrela, herrira datozen bisitari kopuru handiak eragindako egoera erregularizatzea lortu nahi da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun