Elizondoko zahar etxea kudeatuko duen enpresa publikoaren kapital soziala hornituko du Udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 27a, 20:00

Irailaren 23an Baztango Udaleko ohiko bilkuran 3.300 euroko aurrekontu moldaketa onartu zuten EH Bildu, Ezkerra eta Geroa Bairen aldeko bederatzi botorekin eta Navarra Sumaren kontrako hiru botorekin.

Francisco Joaquin Iriarte zahar etxea kudeatuko duen enpresa publikoaren sorreran pauso berri bat eman du udalbatzak. Enpresaren kapital soziala osatzeko, 3.300euroko aurrekontu moldaketa egitea erabaki zuen hautetsiek, EH Bildu, Ezkerra eta Geroa Bairen aldeko bederatzi botorekin eta Navarra Sumaren kontrako hiru botorekin. Aurrekontuaren moldaketa egiteko erabakia ikusgai egonen da udaleko oholean 15 egunez eta indarrean sartuko da ondotik.

Uztailaren 22an enpresa publikoaren estatutuei eta memoria teknikoari hasierako onespena eman zien udalbatzak, eta aurrekontuaren moldaketa indarrean sartzean, estatutuak eta memoria teknikoa behin betiko onartzen ahalko dituzte.

Bertzalde, irailaren 21ean Eskubide Sozialen Departamentuko kontseilaria, Mari Carmen Maeztu, udaleko ordezkariekin bildu zen zahar etxearen berritze proiektuaren berri izateko. Honez gain, aste honetan hasiko dituzte bertako igogailuak aldatzeko lanak, 73.858,88 euroko aurrekontuarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun