Plazako iturriaren 130. urteurrenean uraren batzordeko kideak omendu dituzte Iruritan

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 27a, 15:00

130 urte bete ditu aurten Iruritako plazan dagoen iturriak eta larunbatean, Iruritako Dantzarien Egunean, urteurrenaren harira, uraren batzordeko kideei omenaldia egin zieten.

Maribel San Josek, Kintxo Garatek, Andres Elizaintzinek, Igor Urrutiak, Jaime Garatek, Jose Mari Ripak, Xabier Ripak eta Joxe Gabriel Karrikaburuk osatzen dute Iruritako uraren batzordea. Hain zuzen, larunbatean herriaren omenaldia hartu zuten. 130 urte bete ditu iturriak eta hori gogoan katilu bat oparitu zieten batzordekideei. Julene Baylon Urtasunek, berriz, Iturri zaharretik ur berria hartuko dut kanta kantatu zien.

Pello Iriarte Iruritako alkateak adierazi duenez, «azken hilabetean iturria eta ingurua txukuntzen aritu gara, Baztango Udalaren laguntzarekin». Horretarako «irisgarritasuna» kontuan hartu dutela gaineratu du eta «lanak ia akituak» dituztela: «Oraindik zuhaitzak jartzea falta zaigu». Larunbatean dantzarien eguna probestu nahi izan zuten uraren batzordekideak omentzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun