Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Nafarroako Kontseiluak Aroztegiko hotelaren obra baimena babestu du

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 24a, 20:00

Hotelaren maketa.

Joseba Otondo Baztango alkateak ez du begi onez ikusi Nafarroako Kontseiluaren txostena, Palacio de Arozteguía SL enpresari hotela egiteko baimena ematearen alde agertu baita. Aholku-emailea den Nafarroako Kontseiluak udalak lizentzia ofizioz berrikusteko eskaera ez du onartu baina alkateak argi utzi du «obra baimena gibelerat uzteko zirrikiturik baldin bada horretan segituko» dutela.

Palacio de Arozteguía SL enpresak hotela egiteko baimena «administrazioaren isiltasunaren ondorioz» lortu izana salatu du Joseba Otondo Baztango alkateak. Horren ondotik etorri zen Vianako Printzea Erakundearen txostena: «hotelaren proiektuak ez zuela ingurunearekin bat egiten erran zuen». Hain zuzen, «txosten hori gogoan hartuz, udalak obra baimena baliogabetu zuen». Ez zen, ordea, hor gelditu bidea. «Proiektuaren sustatzaileak auzia epaitegietara eraman zuen eta epaitegiak enpresari arrazoia eman zion, obra baimena alkatearen ebazpen bidez baliogabetzeagatik».

Edozein moduz, «epai horretan ofiziozko berrazterketa baten bitartez baimena baliogabetu zitekeela jakinarazi zuten» eta hala hasi zuen udalak ofiziozko berrazterketa hori egiteko prozedura. Nafarroako Kontseilura bidali zuen eta honek berriki jakinarazi du «ofiziozko berrazterketa ez duela onartzen», nahiz eta alkatearen hitzetan, «argudio aski baden obra baimena bertan behera uzteko». Alkatearen iduriko, «txosten horrek nolabaiteko indarra ematen dio sustatzaileari».

Hala ere, kontseiluak txostenean «ingurumenaren gaia eztabaidagarria» izan daitekeela adierazi du eta horrek «obra baimena alde batera uzteko aukera irekitzen duela» dio alkateak. Gaineratu duenez,  «udaleko zerbitzu juridikoak bide hori aztertzen ari dira». Are gehiago, «baimen hori gibelerat uzteko auzibideren bat abiatzeko zirrikiturik baldin bada, horretan segituko» dutela nabarmendu du.

«Baztango lurralde antolaketaren eta Baztango oinarrizko lege guztien kontrako proiektua baimentzen ari dela» leporatu dio Nafarroako Gobernuari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun