Joakin Iriarte Zapata

«Argazkiekin indartzen dut poesietan erakusten dudana»

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 26a, 10:00

Castelló probintzian bizi da Joakin Iriarte Zapata (Valentzia, 1970), baina baztandarra du bihotza, euskalduna. «Hitzekin eta irudiekin maiteminduta» dagoen artista da, olerkigintza eta argazkilaritza lantzen dituena.

Arbasoen arrastoen gibeletik

Duela 23 urte joan zen lehen aldiz Oronozera Iriarte. «Orduan ezin nuen imajinatu zer izanen zen Baztan niretzako. Urte batzuk beranduago, Belateko tunela pasatu eta Baztanera ailegatzen ginen bakoitzean, alabari erraten nion: azkenean etxean gaude!».

Nafarrak ditu gurasoak, eta bere arbasoak eskualdekoak direla uste du Iriartek; «Baztandik eta ingurutik Orbaibarrera (Valdorba) joan ziren, eta handik Oibarrera eta Kasedara, Zangoza ingurura».

Bailaran eta sare sozialetan ezagutu zituen Baztango lagunak, «familiakoak bezala» direnak. Euskal Herriko hizkuntzan, kulturan eta historian murgiltzen lagundu zioten, eta haiei esker «errazagoa izan da euskara ikastea». Edozein zalantzarekin laguntzen diote eta «nire azken liburuetan ere parte hartu dute».

«Nire hitzen bidez emozioak komunikatzea dut helburu»

Joakin IRIARTE, poemagilea

Bere kabuz hasi zen Iriarte Valentzian euskara ikasten; «1998an Elizondo bisitatu ondotik, Auritzen eman nituen egun batzuk, eta bertan erabaki nuen euskara ikasi nahi nuela, gure ama hizkuntza berreskuratzeko». Liburuak eta CDak erosi zituen Elkarren  «eta horrela hasi nintzen ikasten, nire etxean, bakarrik».

Mundua ikusteko bertze modu bat

16 urte zituela hartu zuen Iriartek argazki kamera lehenengoz, eta nahiz eta berak bere burua argazkilaritzat ez izan, «mundua kameraren bidez begiratzea gustatzen zaion pertsona» da. Unibertsitatean, farmazia ikasten ari zenean, olerkigintzarekin hasi zen. «Inspirazioa etortzen zitzaidanean, edozein paper zatitan hausnarketa eta olerkiak idazten nituen».

Orain, bi arte hauek uztartzen ditu bere lanetan eta emaitzak «arras interesgarriak» dira. «Nire olerkiak irudiekin aberasten ditut, hau da, argazkiekin indartzen dut poesietan erakusten dudana. Argazkiak hitzik gabeko poemak izatea gustatuko litzaidake, nire olerkien soinu-banda bisuala».
Lau liburu argitaratu ditu dagoeneko, eta «nahiz eta edizioak ttikiak izan, harrera arras ona izan dute». Olerki eta argazkien arteko nahasketak jendearen interesa piztu du, eta erantzuna «gero eta hobea izan da liburu berri bakoitzarekin».

Liburu hauetako batean bereziki, Baztan da protagonista. Baztan: begirada bat laino artean izeneko lanean bailarako bazterretan murgiltzen ditu irakurleak. «Betitik liluratuta sentitu naiz lainoz estalitako paisaiekin. Basoetan, laino artean, neure buruari erraten diot: hemengoa sentitzen naiz». Olerki batean laburbildu du sentimendu hori:

Nire ametsak sortzen diren 
lurrera itzultzen naiz,
non zuraren ildoak
nire bihotzaren arrailak diren,
non euria
nire oroimenaren malkoak diren

Komunikatzea helburu

«Emozioak eta sentimenduak komunikatzea eta irudietan islatzea» da Iriarteren helburua. Bere azken liburuan, Me senté a mirar, «minbizia gainditu ondotik, arras sentimendu sakonak agertzen dira». Lagunen, zenbait artisten eta pertsona ezezagunen erretrato eta begiraden bidez, emozioak erakusten ditu; «tristura, heriotza, maitasuna, beldurra, indarkeria sexista, eta, zergatik ez, samurtasuna».

Hainbat erakusketa egin ditu Castellón, eta bere lanak eskualdean ere aurkeztu ditu; «Lesakan artisau azokan parte hartu nuen, poema batzuk irakurri nituen Itziar Telletxeak gitarrarekin lagundu zidan bitartean». Baina bereziki gogoan duen aurkezpena Iruritan egin zuena da. «Hunkigarria izan zen, Baztan eta Castellóko lagunek nire olerkiak irakurri zituzten, poema batzuei musika eta ahotsa emanez».

Iriarteren lanak hobeki ezagutu nahi dutenek hainbat aukera dituzte; «Baztan: begirada bat laino artean nirekin harremanetan jarriz lortu dezakezue, Haizegoa Leihoetan Elizondoko liburutegian dago, eta Me senté a mirar, nire azken lana, Agalir argitaletxean eta Elkar liburu-dendetan lortu dezakezue».

Etorkizunera begira

Momentuan, ipuin labur batzuen bilduman ari da lanean, «eta erakusketa baterako erretratu batzuk ere prest dauzkat, argazkiak atera nituen kafetegian erakutsi nahiko nituzkeenak».

Etorkizunean, bere ametsa «nire olerki batean oinarritutako antzerki bat idaztea» da. Bertze artisten, idazleen eta argazkilarien proiektuetan parte hartzeko asmoa ere badu, eta noski, eskualdera bueltatzeko. «Baztanen eta Bortzirietan ikusiko dugu elkar».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun