Peio Oriarekin klima aldaketaren inguruko solasaldia egin dute Elizondon

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 23a, 21:00

Baztango Talde Ekosozialak antolatutako mintzaldian klima aldaketaren ondorioak izan zituzten hizpide. Bihar, klimaren aldeko greba egun globalean, bizikleta ibilaldia eginen dute Elizondoko karriketatik barna.

Munduko toki guztietan bezala, Baztanen ere tenperaturen igoerak eragina izan du azken hamarkadetan. Peio Oriak, Nafarroako AEMETeko arduradunak eta fisikan doktoreak, honek ekarriko dituen ondorioak azaldu zituen atzo Arizkunenean emandako mintzaldian.

Tenperatura aldaketak batez bertze gradu bateko igoera ekarri du, batez ere udaberri eta udan nabaritu dena. Erregistroak kontuan hartuta, euri guttiago egiten du eta modu irregularrean. Joera ikusita, «ondoko urteetan tenperaturek bi gradu eginen dute gora, hiru udan, eta hilabete guztiak idorragoak izanen dira, neguan bereziki». Oriak muturreko fenomeno metereologikoak maizago gertatuko direla ohartarazi zuen, «hauek dakarten kalte material eta pertsonalekin».

Klima aldaketak naturalak izan ohi dira, lurraren historian behin baino gehiagotan gertatu baitira, «baina orain gertatzen ari dena gizakiaren ondorioa da eta denbora tarte ttikiagoan gainera». Klima Aldaketaren Buruzko Adituen Taldeak kaleratutako txosten baten arabera, «beroketa globalaren oinarrian zalantzarik gabe gizakiaren aribidea dago».

Honen kontra egiteko sortu da Baztango Talde Ekosoziala, eta bihar, irailak 24, klimaren alde deitutako greba egun globalean parte hartuko dute bizikleta martxa bat eginez, 19:30ean Elizondoko plazatik abiatuta sistema aldatu, ez klima aldarrikapenarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun