Mozal legea aplikatu zaie bi kazetari grafikori apirilaren 9an Aroztegiko proiektu urbanistikoa gelditzeko protestan egindako argazki eta bideoengatik. Sare sozialetan Guardia Zibileko agenteak identifikatu ahal izatea da salaketaren oinarria, nahiz eta agenteak maskara erabili uneoro. Agenteen nortasunen berri eman ez dutela gaineratu dute bi hedabideek, eta argitaratutako edukietan haien intimitaterako eskubidearen aurkako atentaturik egin ez dela.
Ahotsa.info komunikabideak salatu duenez, «informatzeko askatasunaren kontrako erasoa» izan da, eta auzitegiaren ebazpenaren aurka errekurtsoa aurkeztea erabaki dutela jakinarazi dute. Adierazi dutenez, «bitxiena» da kazetariei arranbela.blogspot.com atariko irudien erantzukizuna leporatu diela Guardia Zibilak, «Ahotsa.info edo Ekinklik-ekin inongo harremanik ez duen Baztango atari digitala».