Aimar Obregozo elizondoarra bigarren izan da Espainiako Parkour Txapelketan

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 22a, 17:00

Joan den asteburuan, irailaren 17tik 19ra, jokatu zen Espainiako Parkour Txapelketa Nafarroa Arenan, eta hantxe parte hartu zuen Elizondoko Aimar Obregozok. Gimnasia ikasten dihardu Elizondoko gazteak, eta probatzeko txapelketa horretan parte hartzea erabaki zuen. Probatu ez ezik, gehiago ere egin zuen. Estilo librean, 17 urtez azpikoetan, bigarren gelditu zen, txapeldunaren puntuazio berdina lortuta.

Lehenbiziko aldiz Espainiako Parkour Txapelketa jokatu zen asteburuan Nafarroa Arenan, eta Aimar Obregozo elizondoarrak ez zuen hutsik egin nahi izan. 17 urtez beheitiko kategorian estilo librea eta abiadura neurtzeko modalitateetan parte hartu zuen, eta estilo librean bikain moldatu zen. Sailkapen proban lehenbiziko gelditu ondotik, finalera sailkatu zen eta finalean maila ederra eman zuen. Azkenean bigarren gelditu zen, baina bere aitzinetik gelditu zenarekin puntuazioan berdinduta gelditu zen. Domina eta diplomarekin batera, arropatan gastatzeko 300 euroko opari txartela hartu zuen saritzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun