Laxoa kopako bigarren finalerdia eta finala datorren asteburuan jokatuko dituzte Arraiozen

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 20a, 21:00
Eguraldiak laguntzen badu, hiru laxoa partida izanen dituzte asteburuan Arraiozen.

Gazteen laxoa txapelketako finala ere jokatuko dute Oizek eta Irurita A-k.

Larunbatean jokatzekoa zen laxoa Kopako bigarren finalerdia gibelatu egin da eguraldiagatik. Finalerdi hau, Mikel Mindegia (Arraioz), Josu Juanena (Doneztebe), Joseba Juanena (Doneztebe) eta Oinatz Jauntsaratsek (Irurita), Ioritz Zelaieta (Oiz), Gorka Urtasun (Irurita), Iñaki Maylin (Doneztebe) eta Jon Gamioren (Arraioz) kontra datorren larunbatean arratsaldeko 5etan jokatuko dute Arraiozko plazan.

Kopako finala igande arratsaldean Arraiozen

Biharamunean, igande arratsaldeko 5etan finala plaza berean jokatuko dute irabazleek, dagoeneko finalerako sailkatuak dauden Xabier Bengoetxea (Arraioz), Ramontxo Etxebeste (Doneztebe), Iñaki Etxandi (Irurita) eta Aritz Alunda (Arraioz) laukotearen kontra.

Gazteen txapelketako finalean Oiz eta Irurita A aurrez aurre igande goizean Arraiozen

Bertzalde, gazteen txapelketako finalerdia jokatu zen Iruritako plazan; Irurita A-k 9-4 irabazi zion Irurita B-ri.

Beraz, finala datorren igandean goizeko 11.30ean jokatuko dute Arraiozko plazan Oizek (Xuban Ilarregi-Mikel Mikelarena-Zorion Zelaieta-Aimar Ariztegi) Irurita Aren kontra (Jon Sagaseta-Beñat Mariezkurrena-Hegoi Iturregi-Hodei Aleman). 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun