Lehen mailako osasun arreta babestea eskatuz hainbat lagunek elkarretaratzea egin zuten ortzegun goizean Elizondoko Osasun Etxearen aitzinean. Nafarroako Mediku Sindikatuak antolatutako elkarretaratzera Elizondo, Doneztebe eta Lesakako oinarrizko osasun zonaldeetako profesionalak ez ezik, hainbat bizilagun bildu ziren euripean.
«Herrietan kalitatezko arreta; langile hutsuneak bete» zioen pankarta baten gibelean eta SOS lehen arreta zioten paperak eskuetan zituztela egin zuten protesta. Aspalditik egoera kaxkarra baldin bazen, Urdazubin asteburuetako guardietarako medikurik ez izatea oraindik okerragoa egin du. «Osasun Departamentuak ez du Nafarroara osasun langileak erakartzea, ezta bertakoek aldegiteari uztea lortzen eta, gainera, medikurik gabe arreta baldintza berean eman daitekeela dio». Plaza aunitz ez direnez betetzen, bertze profesionalak lanez gainezka daudela salatu dute.
Etorkizunean okerrago izan daiteke
Gaur egungo egoera egoera txarra bada, etorkizunean ez dela hobea izanen uste dute osasun arloko profesionalek. Sindikatuaren arabera, gaur egun Nafarroan bete gabeko 49 mediku plaza daude, baina aurten eta 2022rako aurreikusiak dauden langileen erretiroekin bertze 45 izanen lirateke. Aspalditik, jardunean ari diren bertze medikuek betetzen dituzte hutsune horiek, «baina horrek ez du errealitatea ikusten uzten eta profesionalen nekea muga onartezinetara ailegatzen ari dira».
Landa eremuetako mediku kopurua murrizteko arriskua ere hor dagoela gaineratu zuten: «Elizondo, Lesaka edo Doneztebeko eremuetan badira mediku plazak bete gabe eta ez dira ordezkatzen ari, lehen zeuden zerbitzuak bete gabe uzten ari dira. Erizainen gainean uzten ari dira beraiei ez dagokien ardurak».