Kristina Fernandez Perez

«Saiatzen gara herrian denentzat kultur ekintzak antolatzen»

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 19a, 10:00

Baztango herri txikiena da Aniz, horrek ez du erran nahi bertan zer eginik ez dagoenik eta geldirik egoten direnik. Alkate kargua etxez etxe pasatzen den zerbait da Anizen eta urte hasieran jo zuen atea Kristina Fernandez Perezen (Aniz, 1971) etxean. 

Nolatan animatu zinen alkate aurkeztera?

Nolabait errateko tokatu egiten zitzaidan eta herriko batzuk ere animatu ninduten kargua hartzera. Ingurukoen babesarekin eman nuen pausoa.

Zein dira alkatetzan dituzun ardurak?

Hainbat funtzio ditut. Batetik auzolanak antolatzea dago nire lanen artean. Baztango Udalarekin harremanetan egotea, juntetara joatea eta herritarren bitartekari gisa aritzea. Herritarrek udaletxeko zerbait behar badute laguntzeko hor egotea azken batean. Bestak edo ekintzak antolatzen direnean ere diruzain lanak egitea tokatzen zait edo harrera lanak bertze batzuetan.

Urtarriletik hona zer lan egitea tokatu zaizu?

Kargua hartu berritan bilera batzuk egin genituen herriaren kezkak eta beharrak zein ziren ikusteko. Gaizki dauden gauzen konponketa eta saneamendua ditugu lehentasunen artean. Baztango Udalarekin bilerak egin, Baztan Hobetuzen ere parte hartu, Magnak egin dituen bilera eskaeretara ere joan naiz eta bertako informazioa herritarrei ematea ere egokitu zait. Horrelako bileren ondotik herritarrekin biltzen naiz informazio guztia emateko.

«Herritarren eta udalaren arteko bitartekari lana egiten dut» 

Kristina FERNANDEZ, Anizko alkatea

Zer moduz moldatzen zarete herrian?

Herritarrak beti daude prest gauzak egiteko eta laguntzeko, hori abantaila da. Alkate izan arren ez ditut nik hartzen erabakiak, denon artean hartzen ditugu. Zerbait egiteko dagoenean ere, nik ezin badut egin herriko bertze baten batek egiten du. Ongi moldatzen gara, badakigulako herriaren alde lan egiten dugula, herri bat sortzeko aritzen garela. Azken batean, herria sortzea denon artean egin beharreko zerbait delako. Nire izena gehiago azalduko da batean eta bertzean alkatea naizelako, baina aniztarrek egiten dute Anizen alde.

Nolakoa da egunerokoa Anizen?

Ez dut uste bertze herrietatik desberdina denik, herri handiago batean edo hiri batean ere berdintsua izanen da. Agian lasaitasun gehixeago dugu hemen, baina bada mugimendua. Haurrak eskolara, bertatik etortzean karrikan jostatzen dira, helduok lanean eta herrian ez bagaude etxean egoten gara gure eginkizunetan.

Herri aktiboaren fama duzue.

Saiatzen gara denentzat kultur ekintzak antolatzen. Urteroko hitzorduak hor daude, inauteak, Orakunde besta, Olentzeroa eta herriko bestak. Aurten ere ez dugu bestarik izanen baina seinalea eginen dugu. Sei-zazpi lagunek aste kulturala taldea osatzen dugu eta abendurako asteburu kulturala antolatzen dugu. Azken urteetan Liburuaren Eguna ospatu dugu apirilaren 23an eta saiatzen gara urtero gauza desberdinak egiten. Horrez gain, orain dela bi urte Gau Beltza ere antolatu genuen. Euskal kulturgintzatik etorri zen proposamena, mugimendu polita sortu zen eta animatu ginen Anizen egitera. Arras giro polita sortu zen eta Euskal Herrian arimen gaua lehendik ospatzen zela ikasi genuen. 

«Aniz herri bizia izan dadin jarraituko dugu lanean» 

Kristina FERNANDEZ, Anizko alkatea

Aniz herri txikia da, nola ikusten duzu herriaren etorkizuna?

Ikusten dut etorkizuna baduela herriak, jende gaztea badago, erreleboa hartzeko gogoa dutenak eta hori indargunea da. Baina herriaren etorkizuna ez da herriaren erantzukizuna bakarrik. Gizarteak, inguruneak eta ekonomiak baldintzatzen dute. Bertakoek izanen dute aukera Baztanen lan egiteko? Aukera izanen dute Anizen bizitzeko? Bertan bizitzen jarraitu nahiko dute? Nahiz eta nahi, batzuetan ez da erraza. Herri bizia da, 14 haur daude, gazteak ere bai, baina etorkizunari begira zaila egiten zait erratea. Jendea egon badago, orain denak kontent daude eta bitartean herri bizi baten alde lanean segituko dugu. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun