Oiher Urrutia Ballarena

«Edozein gaik zein pertsonak badu zer erran eta zer konta»

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 18a, 08:00

'Izerditan Blai' izeneko irratsaio berri bat aurkeztu du Xorroxin irratian Oiher Urrutia erratzuarrak Aintzane Ariztegi lekaroztarrarekin batera.

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

Buruan galderak bertzerik ez dituen 19 urteko erratzuarra.

Zein dira zure zaletasunak?

Segun eta noiz galdetzen didazun, aunitz aldatuko dira. Momentuan, bainu bat hartzea, irakurtzea, eguzkia hartzea eta ingurukoekin denbora pasatzea.

Zer ari zara ikasten?

Itzulpengintza eta Interpretazioko gradua ikasten ari naiz Gasteizen.

Xorroxin irratian irratsaio berri bat aurkeztu duzu udan, ‘Izerditan Blai’. Nola sortu zitzaizuen aukera?

KLAKen, Euskal Herriko gazteen komunikazio proiektuan, hilabetean behin, podcasteko atal bat prestatzen nuen. Podcast hori, Xorroxin irratian ere ematen zuten eta honi esker ailegatu zitzaigun bertan parte hartzeko proposamena.

Horrelako zerbait egiten duzun lehenbiziko aldia da?

Erran daiteke  horrelako gauza batean parte hartzen dudan lehendabiziko aldia dela. Egia da, hala ere, gutitan izan dudala jendearen aitzinean solastatzeko arazoak. 

Eskualdeko jende aunitz elkarrizketatzeko aukera izan duzu. Nolako esperientzia izan da?

Arras aberasgarria izan da ekainetik irailera hamaika gazte zein errealitateren inguruan aditzea, kasu aunitzen irakaskuntza propiorako ere baliatu baititugu gonbidatuekin izandako mahai-inguruak eta elkarrizketak. 

Eguerditan ere aditu dizuegu bioi irratian. Lasaiago hartzen zenuten bigarren saio hau?

Egia erran, bai. Egunero interesatzen zitzaigun gai bat aukeratu, horren inguruan informatu eta prestaketa labur bat egiten genuen. Hori eginda, inprobisatzera!

Egunero gai berri bati buruz solastatzea erraza da?

Bai, edozein gaik zein pertsonak badu zer erran eta zer konta. Gaia bururatu, aukeratu eta interesgarriak iruditzen zitzaizkigun galderak prestatzen genituen, betiere naturaltasunez solastatzeko. Formatu erlaxatu bat nahi genuen.

Errepikatuko zenuke?

Nork daki bizitzako bertze momentu batean zer nahiko dudan. Momentuan erraten ahal dudana da arras gustura ibili naizela.

Zure asmoak epe motzera?

Ondokoak zaintzea eta lasaitasunean egotea.

Eta epe luzera?

Bidean ikasiz, kontent bizitzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun