Klima Aldaketaren Kontrako Nazioarteko Greba Egunaren harira, hainbat ekitaldi prestatu dituzte Baztanen

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 15a, 14:00

Baztango Talde Ekosozialak antolatuta, irailaren 22an, Peio Oria Nafarroako AEMETeko arduradunaren hitzaldia izanen da Elizondon eta irailaren 24an, Klima Aldaketaren Kontrako Nazioarteko Greba Egunean, bizikleta martxa eginen dute Elizondoko karriketan barna. Horrekin batera, «biziraun nahi badugu benetako neurriak hartu beharrean gaudela» ohartarazi du Baztango Talde Ekosozialak, «bizitza posible egiten duen munduaren desagerpena eragiten ari garelako».

Atzo arratsaldean prentsaurrekoa eman zuen Baztango Talde Ekosozialak Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean, eta orduan aurkeztu zuen irailaren 24an izanen den Klima Aldaketaren Kontrako Nazioarteko Greba Egunaren harira prestatu duten egitaraua.

Irailaren 22an, asteazkena, 19:30ean, Peio Oria Nafarroako AEMETeko arduradunak hitzaldia emanen du Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Mintzaldia euskaraz izanen da eta «bere azken emaitzak, etorkizuneko agertokiak eta jorratu beharreko bideak» aurkeztuko dituela adierazi dute antolatzaileek.

Irailaren 24an, berriz, ortziralea, bizikleta martxa eginen dute Elizondon. Sistema aldatu, ez klima. Aldaketa klimatikoa, justizia eta justizia soziala lelopean Elizondoko karrikak zeharkatuko dituzte 19:30ean Elizondoko plazatik abiatuta.

Baztango Talde Ekosozialak hitzordu horietan parte hartzeko gonbita luzatu die herritarrei. Izan ere, taldearen irudiko, «ukaezina da klima aldaketa gizakiak eragin duen fenomeno bat dela». Gaineratu duenez, «munduko bana bertzeko tenperatura igo da eta argitaratu diren azken datuen arabera, munduko tenperaturen bana bertzekoa gradu eta erdi igoz gero, gizakiarentzat ezinezkoa izanen litzateke bizirik irautea munduko toki gehienetan». 

Horren «lekuko» diren hainbat gertakari aipatu zituzten Baztango Talde Ekosozialeko kideek atzoko prentsaurrekoan:

  • Basamortuen handitzea: Espainiako lurren % 75 desertifikazioa jasateko arriskuan dago.

  • Tenperaturaren gorakada: Kanadan aurten 49,5 gradutara heldu dira, mundu mailan aldi aurre-industrialetik 1,1 gradu bana bertze bakarrik igota.

  • Ozeanoen gorakada eta azidifikatzea: Azken 26 urtetan 3,27 cm igo da eta joerak segituz gero, 2050ean 190.000 pertsonei eraginen die.

  • Permafrostaren desizoztea: Siberiako Norilsk hiriko erregai tankearen istripua lur izoztua urtzean, Norvegiako lurren irristatzeak eragindako istripua...

  • Ekosistemen galera: Mundu mailako zuhaitzen % 30 galtzeko arriskuan dago eta munduko basoen erdia galdu da, bertako bizidun guztiekin batera.

  • Idorteek eragindako uzta txarrak eta goseteak: Munduko populazioaren % 30k ez du jateko aski izan azken urtean.

  • Ur eskasia: Munduko populazioaren % 40ari eragiten dio, horrek sortzen dituen gerra eta migrazio uholdeekin.

  • Urakan, zikloi eta uholdeen ugaritzea: 2021ean Belgikan eta AEBetan gertaturikoak adibidez. Fenomeno mota hauek oro har 1970etik bortz aldiz ugariagoak dira eta zazpi aldiz kalte gehiago eragiten dute.

  • Suteen ugaritzea: adibidez 2021ean Kanadan, Turkian, Grezian edo Siberian, edo 2020-an Australian.

Argi utzi du talde ekosozialak: «Gure jendarte ereduak gizakia bera desagertzeko arriskuan paratu du. Hau ez da aniztasunaren aldeko aldarri soila, gizakiak bizirik irauteko, hau da, goseteei aurre egiteko, ur baliabideak mantentzeko, inguruak klima aldaketaren kontra eta desertifikazioaren kontra indartsuago mantentzeko... beharrezko baititu gainerako espezieak ere».

Denok «ez ditugula ardura berak» ere nabarmendu du: «Mendebaldeko herrialdeei dagokigu lehenik ekonomiak des-haztea eta duguna ongi birbanatzea. Horregatik, ezinbertzekoa da klima aldaketak dakarren mundu berri honetan justizia soziala funtsezko afera izatea». Bide beretik, «lehenbailehen benetako neurriak» hartzeko deia egin du, «biziraun nahi badugu eta ondorengoei planeta bizigarri bat utzi nahi badiegu». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun