Baztan Hobetzen planaren barrenean herritarrekin tailer parte-hartzaileak eginen dituzte egunotan

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 15a, 18:00
Ekainaren 23an aurkeztu zuten Baztan Hobetzen egitasmoa Elizondon. Orain herritarren ekarpenak bildu nahi dituzte.

Bilkurak kuartelka eginen dituzte: Baztangoizako eta Erbereko herritarrek larunbat honetan, irailaren 18an, izanen dute hitzordua, Arizkunen eta Iruritan, hurrenez hurren. Elizondokoak eta Basaburukoak, berriz, irailaren 25ean bilduko dira, Elizondon eta Almandozen. Parte hartzeko aitzinetik izena eman beharko da.

Baztan Hobetzen lelopean, Baztango Udalak joan den ekainean ekin zion Hiri Jarduketarako Plan Berezia (HAPB) prestatzeari, hirigune historikoen hiri-berroneratze integralerako. Proiektu honen bidez, udalerria osatzen duten 15 hirigune historikoak eta gainerako herrigune eta auzoak hobetu eta zaindu nahi ditu udalak, bertako herritarren parte-hartzearekin. Alde batetik, dauden hiri-bilbeak hobetu nahi ditu, hainbat ikuspegitatik: etxebizitzak, merkataritza, espazio publikoak, zerbitzuak eta azpiegiturak, mugikortasun jasangarria, gizarte-, ingurumen- eta ondare-alderdiak. Bertzetik, birgaitzea sustatzeko, etxebizitza hutsen ugaritzea saihesteko eta etxebizitzarako sarbidea hobetzeko estrategiak zehaztu nahi ditu, baita lurzoruaren artifizializazioa eta hiri-hedapena geldiarazteko estrategiak ere. Azkenik, ondarea, paisaia eta ingurune naturala zaintzeko mekanismoak planteatuko ditu.

20 hilabete iraunen duen egitasmo horren barrenean, irailaren 18an eta 25ean herritarren ekarpenak biltzeko bilkurak antolatu dituzte kuartelka:

  • Baztangoizako bilera, irailaren 18an, Arizkunen, 10:30etik 13:30era.
  • Erbereko bilera, irailaren 18an, Iruritan, 17:00etatik 20:00etara.
  • Elizondoko kuarteleko bilera, irailaren 25ean, Elizondon, 10:30etik 13:30era.
  • Basaburuko bilera, irailaren 25ean, Almandozen, 17:00etatik 20:00etara.

Parte hartzeko aitzinetik izena eman beharko da, lotura honetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun