Zeelanda Berriko munduko errugbi txapelketan izateko lehen urratsa eman du Saioa Jaurenak

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 14a, 12:00

Saioa Jaurena melean lan egiteko prest, astelehenean Parman (Italia) Irlandaren kontra jokatutako partidan.

Espainiako selekzioak 8-7 irabazi zion Irlandari Parman astelehenean. Datorren urtera gibelatu den Zeelanda Berriko 2021eko munduko errugbi txapelketarako sailkatzeko lehen urratsa eman zuen irailaren 13an Saioa Jaurena elizondoarrak. Parman (Italia) jokatzen hasi diren sailkatze faseko lehen partidan 8-7 irabazi zion Espainiako selekzioak Irlandakoari.

Lau selekzio ari dira fase honetan eta horietatik lehenbizikoa zuzenean sailkatuko da Rugby World Cup txapelketarako eta bigarrenak bertze aukera bat izanen du. Lehen jardunaldiko bertze partidan Italiak 38-13 irabazi zion Eskoziari.

Beraz, igande honetan 19:00etan Eskoziaren kontra jokatu behar duen partida irabaziko balu Espainiako selekzioak bi lehenbizikoetan sailkatzeko aukera handiak izanen lituzke. Azken partida Italiaren kontra jokatuko du irailaren 25ean (15:00).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun