Baztango Udalean Navarra Suma taldeak salatu du Elizondoko Txokoto auzoan aparkaleku publiko bat sortzeko hirigintza hitzarmena ez duela bete Bildu buru duen gobernu taldeak. Horregatik, «Baztanen ondarea eta interesak ez defendatzea» leporatu dio.
Navarra Sumak azaldu duenez, «hirigintza-hitzarmena Udalaren eta merkataritza-enpresa baten artean sinatu zen, aparkaleku pribatu gisa erabiltzen den partzela pribatu baten eraikigarritasuna merkataritza-enpresa horren bertze partzela batera aldatzeko. Merkataritza-enpresa horrek bi partzela horien eraikigarritasuna batuko luke, lurzoruaren erabilera posible guztiez gain».
Navarra Sumaren erranetan, «aldez aurreko kontraprestazio gisa, hitzarmenak jasotzen du aparkaleku publikorako partzelaren urbanizazioa egin ondotik, eskritura publikoa eginen dela notarioaren aitzinean; horren bidez, Baztango Udalak aparkalekua hartuko du eta doan eta behin betiko lagako zaio Udalari, titulartasun publikoko aparkaleku bihurtzeko».
Navarra Sumak azpimarratu zuenez, «gaur gaurkoz Baztango Udalarena izan gabe segitzen du, baina, aitzitik, partzela horretako hirigintza-lizentziak baimendu egin dituzte eta eraikuntza aspalditik hasi da, eskrituratzeko aurretiazko baldintza loteslea bete gabe». Gainera, azken hilabeteetako udal batzarretan behin eta berriz galdegin omen diote Navarra Sumako zinegotziek alkateari «aparkalekua dagoeneko Baztango Udalaren izenean erregistratu ote den eta "eskritura oraindik ez dela egin baina horretan dabiltzala" izan omen da beti erantzuna».
«Baztango ondasuna defendatzeko arras modu ezberdinak»
Hala, Navarra Sumak kritikatu egin du «EH Bildu eta Baztango Ezkerra arras modu ezberdinetan aritzen direla Baztango ondasunen defentsan: «batzuetan, «hirigintza-pelotazoaren» gisako terminoak erabiltzen dituzte; bertze batzuetan, berriz, titulartasun bat eskatzen dute, hala La Unión Kasinoaren aurka galdu zutena, eta, orain, berriz, hirigintza-jarduerak baimentzen dituzte gobernu-eginkizuna bete gabe, hau da, hitzarmen batean jasotako konpentsazioak zaindu gabe».
Zenbait udal batzarretan egoera honetaz ohartarazte saiatu badira ere, Navarra Sumak dio «ez direla kudeaketa akatsak zuzendu eta bertze behin, salaketa da udal gobernu taldearekin solastatzeko bide bakarra».