Joxelu Retegi Iturbide

«Herriko ttikienek ematen diote bizitza Arraiozi»

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 11a, 08:00

Duela lau urte hartu zion alkatetzaren lekukoa Joxelu Retegik Xotero Etxandiri, eta herria hobetzeko helburuarekin aritu dira lanean geroztik. Orain, bere azken bi urteak eginen ditu karguan, «heldu den urte akabailan izanen dira berriz ere hautaketak eta hor bukatuko dut ibilbidea».

Zergatik erabaki zenuen alkate izatea?

Dozena bat urte dira kargudunen taldean lanean hasi ginenetik. Nire aitzinetik Xotero zortzi urtez izan zen alkate eta gu taldean berarekin egon ginen. Nire txanda izan zen gero, eta bi urteko agintaldiak badira ere, ez dugu aukera gehiagorik izan jendez aldatzeko eta geroztik ni izan naiz alkate.

Nor dituzu kargudun?

Herrian laguntzaile aunitz ditugu, baina lau lagun gara kargudunak, Xotero Etxandi, Pantto Laurnagarai, Aritz Alunda eta ni. Zamarik handiena alkateak du baina lanak lauron artean banatzen ditugu eta ongi konpontzen gara. Hilabetean behin juntatzen gara normalean, gehienbat zerbait inportantea heldu denean, nahiz eta laurok beti gauden harremanetan.

Zeintzuk dira zure ardurak?

Arraiozen alkatearen lana bi zatitan banatzen da. Lehenbizikoa uraren kudeaketa da, herrikoek egiten dugu eta lan dezente ematen du. Ur komisioan kargudunak eta lagun pare bat gehiago daude. Bigarren zeregina herriaren ordezkaria izatea da, herritarren kexak eta eskariak udalera eramaten ditut.

Ur eskasiaren kontua argitzen aritu zarete...

Bai, aspaldiko afera da urarena. Gaizki ibili gara, eskasia baino gehiago, sarean arazoak genituelakoz. Orain dela 14 urte ur-hornidura berritu zuten, baina nahiko kalitate txarrekoa sartu zuten. Hodiak lehertzen eta aberiak ateratzen hasi ziren eta hori konpontzen ibili gara. Duela urte pare bat Iruritatik bertze hodi berri bat sartu genuen, errefortzu handia izan dena guretako, eta ur eskasia konpondu dugu horrekin. Hala ere, aberia aunitzek oraindik hor segitzen dute...

Zer behar gehiago ikusten dituzu herrian?

Uraren sare osoa konpontzea behar handia da, baina ez da bakarra. Eskola dugu herriko bertze kezka. Zorionez, haur aunitz ditugu herri ttikia izanik, baina eskola deseroso gelditu da. Handitu eta berritu nahi dugu, baita haurrendako psikomotrizitate gela bat egin ere. Eta horrekin ari gara bueltaka, luze izanen da baina eginen dugu.

Baduzue bertze asmorik?

Herri ttikietan beti izaten da zerbait egiteko. Baserrietako bideak konpondu nahi ditugu, herrian bertan ere baditugu brea bota nahi dugun bideak… Gainera, 50 urte baino gehiago geldirik egon den lixutegia martxan paratu nahi dugu berriz ere Urrutia auzoan. Pixkanaka ari gara lanean, luze egiten ari zaigu, baina aurtengo udazkenerako martxan paratuko dugula uste dugu. Aspaldiko gauza da, gaur egun erabiltzen ez dena, baina lehenagoko bizitzaren oroigarri dugu eta polita da.

Laster bestak izanen dituzue herrian. Zerbait eginen duzue?

Bestetako antolakuntza herriko gazteek eramaten dute, baina beti herriaren babesarekin. Aurten ez dugu bestarik izanen bigarren urtez segidan, eta pena da baina herri mailan ez da bazkaririk, afaririk, kontzerturik ez deus antolatuko eta herritarrei ere neurriak hartzeko eskatu nahi diegu. Gazteek hau errespetatuko dutela uste dut, joan den urtean ere ongi portatu baitziren. Laxoa partidaren bat egin nahi dute herritarren artean eta gero afariren bat, baina kopuru ttikian. Ea heldu den urtean normaltasunez ospatzen ahal ditugun.

Arraioz ttikia izanda, nola ikusten duzu herriaren etorkizuna?

Herri ttiki guztiei bezala, bizitza ematen diotenak herriko ttikienak dira, haurrak eta eskola. Aipatu bezala, alde horretatik egoera onean gaude. Gazte dezente gelditu dira bertan azken urteotan eta ondorioz haur aunitz ditugu eta etorriko dira. Leku batzuetan herriak husten ari dira baina hemen kontent gaude eta hala segitzea espero dugu.

Zerbait gehitu nahi al duzu?

Herritarren borondatea eskertu nahiko nuke, laguntza eskatzen delarik laguntzeko prest egoten direlako. Arraioztar gehiago parte hartzera animatuko nituzke, baina orokorrean jendea etortzen da eta gustura gaude.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun