Herrietako bizi-iraunkortasunari buruzko ikastaroa antolatu du Baztango Udalak EHUrekin

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 21a, 18:00

Argazkia zaharra: Iruritako Jauregizarreko ikuspegia duela hamabortz urte.

Urriaren 1ean Elizondoko Arizkunenea Kultur etxean mahai-inguruak eta tailerrak eginen dituzte, aurrez aurre edo online parte hartzeko aukerarekin.

Baztango Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroak antolatu dute jardunaldia, eta Euskal Herriko landa eremuetako herrien erronka handienetako bat izanen dute hizpide: hustea. Bertzeak bertze, landa inguruetako erresilientzia gaitasuna sendotzeko bideak jorratuko dituzte, lurralde kudeaketa ereduak aztertuko dituzte eta etxebizitza kooperatiba ereduak landuko dituzte.

Programak goiz eta arratsaldea hartuko ditu. 09:30ean ekitaldiko zuzendariek, hau da, Joseba Otondo alkateak eta Koldo Telleria EHUko ikerlariak, jarduera aurkeztuko dute. Gero, hainbat solasaldi eta mahai-inguru izanen dira:

  • 09:45ean Dunak taldeko Amaia Albeniz: Hirigintza landa inguruetan
  • 10:15ean Lierni Altube eta Ainhoa Negeruela arkitektoak: Ondarea etxebizitzarako eraberritzeak
  • 10:45ean EHUko Ibon Telleria: Ondarea lurraldearen kudeaketa eredu
  • 11:15ean mahai-ingurua

11:45ean ordu laurdeneko atsedena eginen dute eta 12:00etan solasaldiekin segituko dute:

  • 12:00etan Jean Claude Mailharin Amendüze-Unasoko hautetsia: Landa inguruaren gentrifikazioa
  • 12:30ean CAL-CASES etxebizitza kooperatibako Rosa Binimelis: Etxebizitza kooperatibak landa inguruan - Katalunia
  • 13:00etan AMETXE etxebizitza kooperatibako Rosa Lago: Etxebizitza kooperatibak landa inguruan - Euskal Herria
  • 13:30ean mahai-ingurua

14:00etatik 15:30era bazkaltzeko ordua izanen da, eta gero tailerrak eginen dituzte. 15:30etik 17:00etara tokian tokiko egoeren inguruko hausnarketa kolektiboa eginen dute eta 17:00etatik 18:00ak arte etorkizun bideak zehazteko proposamen lan saioa.

Ikastaroari buruz informazio gehiago lortzeko eta izena emateko egin klik hemen. Aurrez aurre edo online zuzenean ZOOM bidez parte hartzeko aukera izanen da, matrikula prozesuan aukeratu behar da nola parte hartuko den.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun