Baztan Rugby Taldeak 2021-2022 denboraldiari ekin dio indarrez eta ilusioz

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 7a, 15:00
Menditarrak BRT taldean lehen entrenamenduetan hasiak dira. Asteazken eta ortziraletan 20:00etan izaten dute hitzordua Lekarozen.

Senior eta gazteen taldea osatzeko jokalari nahiko bildu dituzte, baina gehiagorentzat ere ateak zabalik daudela gogorarazi dute.

Nahiz eta hasiera batean jokalari faltarengatik taldea arriskuan zegoen, azkenean Menditarrak BRT errugbi taldeak nahiko jokalari bildu ditu. Ondorioz, senior eta sub-18ko (2004-2005) taldeek aurre-denboraldiari ekin diote Iñaki Ezkurra entrenatzailearen eskutik. 

Taldeak jokalari berriei gonbidapena ere egin die. Errugbia probatu nahi izanez gero, asteazken edo ortziraletan 20:00etan Lekarozko errugbi zelaira agertu edo 638 44 55 13 telefono zenbakira deitu behar dute (Ander). «Errugbian aritzen ikastea eta jokalarien arteko giro ona bermatuta dago, beraz ez izan lotsarik errugbiaz gozatzeko. Anima zaitez… Aupa BRT», dio errugbi taldearen oharrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun