Baztango udazkeneko ikastaroetarako izen-ematea zabalik da

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 7a, 08:00

Irailaren 17ra arte eman dezakete izena Arizkunenean edo 948 58 12 79 telefonora deituta

Baztango Udaleko Kultur Batzordeak antolatuta, urritik aitzinera hainbat ikastaro izanen dira Elizondoko Arizkunenea kultur etxean:

  • Antzerki jolasa: 14-15 urtetik goitikoendako antzerki tailerra. Urriaren 5ean abiatuko dute eta asteartero 19:00etatik 21:00etara elkartuko dira Arizkunenean, Josune Gorosteguik gidatua. Gutienez sei lagun eta gehienez hogeik eman beharko dute izena, Baztanen erroldatuek 42 euro ordaindu beharko dituzte eta erroldatu gabekoek 56.
  • Gaita eta atabala: Hasiberri eta arituendako gaita eta atabala saioak urrian ere abiatuko dituzte. Atabala jotzeko sei urte beharko dira gutienez eta Shanti Diaz Carmona izanen dute irakasle. Hamar urtetik goitikoek gaita jotzeko aukera izanen dute Tomas Diaz Peñalvaren eskutik. Arizkunenean elkartuko dira denak, urriaren 2an hasita larunbatero 09:00etatik 10:30era. Erroldatuek 90 euro ordaindu beharko dituzte eta erroldatu gabeek 120.
  • Artearen esperimentazio tailerra: Gaur egungo artea hobe ulertzeko eta XX. mendeko mugimendu eta artistak ezagutzeko zortzi saio eginen dituzte urriaren 8tik aitzinera Arizkunenean. Ortzegunetan izanen dira klaseak, 16:30etik 18:00etara haur eta gaztetxoendako eta 18:00etatik 19:30era helduendako. Erroldatuen prezioa 36 eurokoa izanen da eta gainontzekoena 48 eurokoa.
  • Plastika lantegia: 5-11 urte bitarteko haurrendako plastika lantegia izanen dute azaroaren 6, 13, 20 eta 27an, Sonia Iltzarbe eta Eneko Perezen eskutik. Larunbatetan 17:30etik 19:00etara elkartuko dira Arizkunenean. Taldea osatzeko gutienez zortzi eta gehienez hamabi lagun izan beharko dira. Izena emateko erroldatuek 30 euro (bi lagun) edo 40 euro (hiru lagun) ordainduko dituzte, erroldatu gabeek 40 euro (bi lagun) edo 60 (hiru lagun).

Izen-ematea irailaren 13tik 17ra zabalik egonen da, astelehenetik igandera, 07:30etik 15:00etara, Arizkunenean edo 948 58 12 79 telefono zenbakira deituz. Informazio gehiago nahi dutenek kultura@baztan.eus helbidera idazten ahal dute, eta matrikulen arau guztiak www.arizkunenea.blogspot.com web orrian daude eskuragarri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun